kultura
Etxepare Institutua
Zinemak lotuko ditu, hasteko, Euskal Herria eta Quebec
N. V. | EITB Media
Saison Québec-Pays Basque joan-etorriko egitasmoa 2021 eta 2022. urteetan egingo da, Etxepare Institutuak antolatuta, 2020an ezin izan baitzen egin.
-
"Antigone" Sophie Derasperen filma emango dute Donostian eta Bilbon
Saison Québec–Pays Basque Etxepare Institutuak bi herrialdeak batzeko diseinatutako egitasmoa 2021 eta 2022. urteetan egingo dute azkenean, 2020an atzeratu behar izan eta gero.
Programa kultural eta artistikoa gaur aurkeztu dute, Donostiako Tabakaleran. Egitasmoaren helburua euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea izango da, gaur azaldu dutenez.
Ekimenak diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du, betiere covid-19aren bilakaerari lotuta.
Zinema
Saison Québec–Pays Basque egitasmoaren lehenbiziko mugarria Euskadiko Filmategiak Cinémathèque Québécoisen laguntzarekin antolatu duen Quebeceko zinema zikloa izango da.
Hiru hilabete hartuko ditu zikloak, apirilaren 1etik aurrera, eta Tabakaleran (Donostia) eta Arte Ederren Museoan (Bilbo) izango dira proiekzioak. Besteak beste, zinemagile hauen filmak emango dituzte: Pierre Perrault eta Michel Brault, Anne Claire Poirier, Denys Arcand, Xavier Dolan, Anne Émond, Sophie Deraspe….
Sarrerak 3,5 euroren truke erosi ahalko dira Tabakaleraren eta Bilboko museoaren webguneetan, eta film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko edota euskarazko azpitituluekin.
Euskal zinema, Quebecen
Bestalde, zinema ziklo honek itzulerako bidaia izango du, irailean. Osasun egoerak baimentzen badu, Cinémathèque Québécoisen egingo den euskal zinema zikloan ikusgai izango dira Tasio (1984), Montxo Armendariz; Vacas (1992), Julio Médem; Ander (2009), Roberto Castón; Amama (2015), Asier Altuna; Un otoño sin Berlín (2015), Lara Izagirre; Irrintziaren oihartzunak (2016), Iratxe Fresneda; Handia (2017), Jon Garaño eta Aitor Arregi; Dantza (2018), Telmo Esnal; Oreina (2018), Koldo Almandoz; Black is Beltza (2018), Fermin Muguruza; Hil Kanpaiak (2020), Imanol Rayo; eta Erlauntza (2020), Mireia Gabilondo.