Itxi

kultura

UDA KULTURALA DONOSTIAN

Kultur eskaintza zabala prestatu dute Donostian uda honetarako

EITB MEDIA | AGENTZIAK

500 jarduera baino gehiagok osatzen dute pandemiaren geldialdiaren ostean hiria suspertzen lagunduko duen agenda kulturala.

  • Kultur eskaintza zabala prestatu dute Donostian uda honetarako

    Salvador Sobral, 2018ko Jazzaldian. Artxiboko argazkia: EFE ...

Udaren atarian gauden honetan, gaur aurkeztu dute Donostian udako kultur programazioa. "Hiri osoan zehar" banatuko dira ekitaldiak eta mundu guztiari zuzendutakoak topatuko ditugu.

Eneko Goia Donostiako alkateak ostegun honetan emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, aurtengo eskaintza "aberatsa, zabala eta herritar guztientzat eskuragarria" da; izan ere, hiriak "uda aberasgarria" merezi du. Hori bai, datozen hilabeteetan covid-19aren "osasun-egoera aldakorrera" egokituta garatuko dela azpimarratu du.

Musika, antzerkia, zinema eta erakusketak

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko eta Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariek, besteak beste, Goiarekin batera aurkeztu dituzte uda honi begira antolatu diren jarduerak. Eskaintza joan den astean hasi zen Hondalea eskulturaren aurkezpenarekin, eta, irailaren bukaeran amaituko dira Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin. Hilabeteotan, beraz, ez dira erakusketak, kale antzerkiak, kontzertuak eta bestelako ekiataldiak faltako.

Iirailaren 17tik 25era egingo da aurten Zinemaldia, eta zuzendariak alfonbra gainean berriz ere izar handiak ikusi nahi adierazi du. Bestalde, uztailaren 21etik 25era egingo den Jazzaldiak 60 kontzertu eskainiko ditu, emakumezko ahotsak, piano-jotzaileak eta Espainiako Estatuko musikariak tartean direla.

82. Musika Hamabostaldiaren abuztuaren 1etik 27ra izango da, eta Patrick Alfaya zuzendariak baieztatu duenez, "atzerriko orkestrak eta abesbatzak" itzuliko dira, "musika klasikoko izarren bilgunea" izango den honetan. Kursaala izango da agertoki nagusia, baina Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko herrietan ere izango da zer ikusia.

Bestalde, Chillida Leku museoak, ekainetik irailera bitartean, sekula aurretik egin ez diren ekitaldiak bilduko ditu, hala nola opera edo haurrentzako esperimentazio artistikoko tailerrak. Gainera, Jazzaldiarekin eta Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean arituko da.

Ekainaren 11tik irailaren 10era kalean eskainiko diren antzezlanez gain, udako antzerkia ere itzuliko da aurten Ramper edo Capullas bezalako lanerik, eta Loles León, Jorge Javier Vázquez, Oscar Terol eta Gorka Otxoaren gisako artistekin.

San Telmo Museoak eta Tabakalerak ere erakusketa berriak aurkeztuko dituzte, eta Aquariumean ere Uri Bong artista korearraren erakusketa izango da ikusgai.