kultura
Deialdia
Beste Bat Berritzen deialdia: 1,5 milioi euro zuzeneko arteak eta zinema sustatzeko
N. V. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak zuzeneko arteak (antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika) dinamizatzeko programa aurkeztu du gaur. Egoitza EAEn duten sortzaileek eskatu ahalko dituzte dirulaguntzak.
-
Nøgen taldea, zuzenean
Beste Bat Berritzen deialdia aurkeztu du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuk, Gasteizen.
Iaz ere egin zuten programaren helburua covid-19aren pandemiak zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreetan egindako kaltea nolabait arintzea da: "Zuzeneko arteen eta zinemaren programazioa areagotzea da helburua, sektoreko eragile guztien (sortzaileak eta talde eszenikoak eta musikalak, eta batez ere programatzaileak) jarduera profesionalean eragiteko", sailburuaren hitzetan.
Horretarako 1,5 milioi euroz lagunduko dira 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengoan egingo diren ikuskizunak (1.300.000 euro) eta Europako eta/edo Latinoamerikako zinema erakusteko programak (200.000 euro).
Zuzeneko arteak
Zuzeneko arteei dagokienez, eskera egin nahi dutenek baldintza hauek bete behar dituzte: antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika erakusteko programak izatea; ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainienak edo profesionalenak izatea; eta programazio proiektuak gutxienez 5 ikuskizun edo kontzertu izatea;
Testuan oinarrituta aurkezten diren ikuskizun eta kontzertu guztietatik gutxienez % 60 euskaraz izango dira, emanaldiak astelehenetik ostegunera bitartean egongo dira programatuta 20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik (horietan asteko edozein egunetan programatu ahal izango dute) eta urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da programazioa.
Dirulaguntzak eskatu nahi dituztenek egoitza soziala EAEn izan behar dute eta zuzeneko arteen programazioa egin ohi den EAEko espazioen titularrak edo/eta kudeatzaileak izan beharko dira.
Ikuskizun bakoitzagatik jasotako dirulaguntza ez da inoiz 3.500 euro baino gehiagokoa izango edo 4.000 eurokoa genero irizpidea aplikatzen bada. Gainera, erakunde bakoitzari eman ahal zaion gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da.
Zinema
Europako edo/eta Latinoamerikako filmen estreinaldietarako aurkezten diren proiektuek, berriz, baldintza hauek bete beharko dituzte: programazio proiektuak aretoko estreinaldiak diren edo estreinaldiaren ondorengo lau asteetan programatuta dauden 10 film jaso beharko ditu gutxienez; urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin beharko da programazioa; eta Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaturen bateko nazionalitatea duten filmak baino ez dira kontuan hartuko.
Dirulaguntza ez da inoiz 2.500 eurotik gorakoa izango film bakoitzeko eta erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.
Prozedura
Dirulaguntzak lehiaketa prozedura bidez ebatziko dira: aurkeztutako eskabideak aztertu eta modalitate bakoitzean ezartzen diren balorazio irizpideak hartuko dira kontuan.
Interesa dutenek gaurtik, urriak 28, azaroaren 29ra izango dute eskabideak aurkezteko epea.