Itxi

kultura

Golardoa

Teresa Catalanek jasoko du Eusko Ikaskuntzaren saria

N. V. | EITB Media

Nafar konpositoreak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria irabazi du, eta Imanol Zuabiauz artistak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria.

  • Teresa Catalan. Argazkia: Javier Ecay. © Ars Incognita Fundazioaren artxiboa.

    Teresa Catalan. Argazkia: Javier Ecay. © Ars Incognita Fundazioaren artxiboa.

Teresa Catalan (Iruñea, 1951) musika konpositore, ikertzaile eta irakasleak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria, epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek eta Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako ordezkariek hala erabakita.

"Bere curriculum zabal eta bikainak bere izena kokatzen lagundu du nazioarte mailan, sorkuntzan ez ezik, akademiaren alorrean ere egindako ekarpena nabarmentzen da", argudiatu dute ebazpenean.

Halaber, Imanol Zubiauz izen artistikoa duen 32 urteko gazteak, Arte Ederretan doktoreak, lortu du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria " Pidgin" proiektuarengatik. Balearen harrapaketaren garaian kokatuta, euskal eta islandiar herrien arteko loturak aztertuko ditu lanak.