Itxi

kultura

Bi urteko etenaren ostean

Gau Zuriak Bilboko kaleak argiztatuko ditu 28 proposamen artistikorekin

eitb media

Ekainaren 17an eta 18an egingo da, eta egun horietan hirira hurbiltzen den orok eskulturez, instalazio digital eta interaktiboez, usaintzeko paisaiaz, abesbatzen emanaldiez eta formatu handiko joko tradizionalez gozatu ahal izango du, besteak beste, hiriko 26 lekutan.

  • Bilboko Udala argiztatuta 2019ko Gau Zurian

    Bilboko Udala argiztatuta 2019ko Gau Zurian. Artxiboko irudia

Bilboko Gau Zuriak hiriko kaleak artez eta argiz beteko ditu datorren ekainaren 17an eta 18an. Bertan, 28 esku-hartze artistiko izango dira, eta haien bidez Bilboko paisaia guztiz aldatuko da, Bizkaiko hiriburuko plazak, kaleak eta espazio enblematikoak apainduko baitira. Aurten Bilbok bere 722. urteurrena ospatuko du Gau Zuriarekin.

Asteazken honetan aurkeztu dute egitaraua prentsaurreko batean Gonzalo Olabarria Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano Gau Zuriaren zuzendariak. Ekainaren 15ean izango da hasiera ekitaldia Juan Mari Aburtu alkatea buru dela, bandera-igoerarekin, eta, igandean, 19an, Diego Lopez de Harori egingo dioten lore-eskaintzarekin amaituko da aurtengo edizioa.

"Bilboren 722. urteurrena gogo, ilusio eta emozio handiz ospatzen dugu, gure uriaz berriro gozatzeko, aisialdiko eta kulturako parte-hartze izaerako, doako eta askotariko
proposamenekin", azaldu du Olabarriak.

Aurtengo edizioan antolatzaileek ordutegia aldatzea eta Gau Zuria aurreratzea erabaki dute. Horrela, instalazioak 19:30etik 00:30era bisitatu ahal izango dira. "Ordutegi aldaketa honekin, ekitaldi berezi hau, familia osoak gozatzeko moduko hitzordua bihurtzea nahi dugu", azaldu du Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak.

Gau Zuriaren 28 proposamenen artean, nabarmentzekoak dira "Bovedas Celestes", Miguel Chevalierrek diseinatutako instalazio digital sortzailea, Enkarnazio
elizaren gangen gainean proiektatuko dena, edo Areatzako pasealekuan egongo den Bilboko Tomo Estudio kolektiboaren animazioa, hiriaren bilakaera demografikoa erakutsiko duena sortu zenetik.

Arriaga Plazak, berriz, hainbat tamainatako 69 eguzki-lore hartuko ditu, espazio hori argiz eta kolorez betetzeko. Abandoibarrako lorategiak, bestalde, ongi etorria emango dio  "Marigorringoak"-i. Bertan marigorringoen kolonia bat egongo da, txikienen gozamenerako.

Casilda Iturrizar parkea da programazio honetako kokaleku nagusietako bat, eta bertan hainbat instalazio izango dira, tartean, "Luz de Salon" deritzona, egongelako lanpara handi bat (8 metroko altuera eta 8 metroko diametroa), hain zuzen ere, parkea argitu eta apainduko duena.

Gainera, Arte Ederren Museoaren sarrerako gunean, "Blossom" ikusi ahal izango da, zuhaitzen adarretatik irteten diren hainbat tamainatako 120 lorek baino gehiagok osatutako instalazioa. "Olorama"n (Gas plazan), berriz, zentzumen guztiak martxan jarriko ditu bertaratzen duenak lehen aldiz Gau Zurian.

Instalazio horiekin batera, bi proposamen ibiltari egongo dira: "Kolorezko Jendea" eta "Trance entre Calles" dantza urbanoa.