Itxi

kultura

Museoak

Bilboko Guggenheim Museoak inoizko "udarik onena" izan du, ia 450.000 bisitarirekin

Agentziak | EITB Media

Abuztuko aparteko datuak gako izan dira marka ontzeko, izan ere, hilabete horretan 195.411 pertsonak bisitatu dute museoa. 2018ko abuztuan ezarritako errekorra ere gainditu du aurtengoak.

  • Bilboko Guggenheim Museoa.

    Inoizko udarik onena izan du museoak. Argazkia: Endika Frias

Duela 25 urte ateak zabaldu zituenetik, inoizko "udarik onena" izan du aurtengoa Bilboko Guggenheim Museoak. Ekaina, uztaila eta abuztuan 449.477 bisitari izan ditu, pandemiaren osteko susperraldia berretsita. 

Museoak gaur emandako datuen arabera, abuztua izan da hilabeterik onena. 195.411 bisitari jaso ditu, eguneko 6.297 batez beste; hala, kopuru horrek % 7,4 gainditu du orain arte bere historian izandako abuzturik oneneko 182.005 bisitarien marka (2018koa).

Era berean, ekaina eta uztaila bigarren onenak izan dira (2018koaren ostetik), 106.136 eta 147.930 bisitarirekin, hurrenez hurren. 

Udako asterik arrakastatsuena abuztuaren 8tik 14ra bitartekoa izan da, 50.434 bisitarirekin. Egunik jendetsuena, bestalde, abuztuaren 18a izan zen, 8.800 lagun hurbildu baitziren museora. 

Museoaren arabera, "arrakastaren giltzetako bat" Norman Foster komisario izan duen 'Motion. Autos, Art, Architecture' erakusketa izan da (irailaren 18ra arte bisita daiteke). 

Bisitarien jatorriari erreparatuta, % 65 Espainiako Estatutik kanpokoa izan da (pandemiaren aurreko urteen antzera), eta bisitari frantsesen portzentajea nabarmendu da (% 18). Ondoren ageri dira alemaniarrak (% 7), herbehereetarrak (% 7), britainiarrak (% 6) eta italiarrak (% 5).

Bestetik, udako bisitarien guztizkoaren % 10 Euskadikoak izan dira. Espainiako Estatutik etorritakoen artean, kataluniarrak (% 5) eta madrildarrak (% 5) daude. 

Urteko datuari dagokionez, abuztuaren 31ra arte metatutako kopurua 776.752 da. Datua 2019ko aldi berean jasotakoa baino % 3 gutxiago da, eta 2018koan baino % 7 gutxiago. Izan ere, 2022ko hasierako hilabeteetan publiko gutxiago izan da.