Itxi

kultura

GABONAK

Josean Bengoetxea eta Kandido Uranga dira protagonistak 2022ko Gabonetako Loteriaren hiru iragarkietako bitan

EITB Media

Gabonetako Loteriaren kanpaina aurkeztu dute, eta aurten, bat beharrean, hiru iragarki izango dira.

4:30
Kandido Uranga. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Espainiako Gabonetako Loteriaren aurtengo kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Aurtengorako benetako hiru istoriotan oinarritutako hiru iragarki egin dituzte (Bidaia, Vika eta Hiru Orkidea) eta horietako bitan, Josean Bengoetxea eta Kandido Uranga euskal aktoreak dira protagonistak.

Lehenengo istorioan, Hiru Orkidea izenekoan, itsasargi bateko langilea (Josean Bengoetxea) eta lore saltzaile bat (Julia) dira protagonistak. Ulisesi loteriako txartel bat iristen zaio hegan, eta atzean, ondorengo testua ageri da idatzita: "Juliarentzat. Hiru Orkidea". Zenbakia sariduna da, eta Ulises Juliaren bila hasten da, harik eta izen hori duen lore denda bat dagoela jakiten duen arte. Bertara joan, eta Ulisesek mahaian uzten dio txartel saritua.

Bigarrenean (Vika), Gabonetako argiak eta apaingarriak egiteaz arduratzen den enpresa bateko langile batek hasiberria den emakume atzerritar bati laguntzen dio. Emakume horrek ez du hizkuntza menperatzen. Kafe bat hartzera joaten diren batean, dezimo bat partekatzeko proposamena egiten dio, eta besteak irribarre batekin erantzuten dio gonbidapenari.

Hirugarrenean (Bidaia), artzain batek (Kandido Uranga) bere ardiekin bide luzea egingo du erietxean dagoen lagunari urtero partekatzen duten dezimoa emateko.

Lehenengo kasuan ez bezala, beste bietan ez dakigu saria egokitu zaien ala ez.

Gabonetako Loteriaren zozketa abenduaren 22an egingo da.