Itxi

kultura

IMANOL GOGOAN

Imanol, "ahots basatitik, belusezko ahotseraino"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media

Felipe Juaristi idazle eta kazetariak lagun min zuen Imanol Larzabalen bizitza errepasatu du, bere min eta gozoekin. Poesia musikatzen maisua eta zahartzen ez zen ahots baten jabe. Hitzokin gogoratzen du abeslari donostiarra.

3:27

Denboraren galbahea pasatuta ere, eztarrian korapiloa egiten zaio Imanol Larzabali (1947-2004) buruz hizketan hasten denean. Lagun mina izateaz gain, dozenaka lan  partekatu zituen abeslari donostiarrarekin Felipe Juaristi idazle eta kazetariak. Hitzez azaldu ezin duen arrastoa utzi ziola dio, pertsona zein sortzaile modura. "Bizitza maite zuen, eta bizitzen gozatzen zuen, musikaren bidez sentimenduen atlasa marraztu nahian". Hala gogoratzen du Juaristik gaur 75 urte jaio zen musikaria.

Imanolen bizitzaren errepaso xumea egin du kazetariak, "hasierako Imanol basati hartatik, belusezko ahotsa zuen Imanoleraino". Alde batetik besterako bidean egindako lana goratu du, "miraria dirudienaren atzean, orduak eta orduak zeudelako". Zahartzen ez zen "ahots berdingabe baten jabe" izanda ere, "ahotsaren bilaketa" izan zuelako obsesio.

Poesia musikatzeko ere dohain pribilegiatua zuela azaldu du kazetari azkoitiarrak. "Mundu osoko musika entzuten zuen, eta bere doinuetan printza horiek oso nabarmenak ziren", gehitu du.

Bere poz eta bere minekin ekarri du gogora Imanol. "ETAren indarkeria publikoki gaitzetsi zuenean, bere burua bakarrik ikusi zuen. Babes handiagoa izan balu, ez zen joango Euskal Herritik. Publikoa galdu zuen, eta egoera hartan, ezin zuen ezer egin", adierazi du.

Hogei disko baino gehiago grabatu zituen Imanolek. Kantugintza politiko eta sozialekin hasi, kantutegi tradizionalarekin jarraitu eta olerkigintza unibertsala jorratzeraino.  Orain, Elkar argitaletxeak "Imanol: Kantatzen du kantuz" disko-liburua plazaratu du Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. 40 abesti bildu dituzten antologian, Elixabete Garmendia kazetariak, Karlos Gimenez piano joleak, Angel Valdes ekoizleak eta Felipe Juaristi berak hartu dute parte, testu eta olerkiekin.