Itxi

kultura

bizkaia

Plateruenak ateak irekiko ditu berriro, Durangoko Udalak horren kudeaketa bere gain hartuta

eitb media

Modu ofizialean martxotik aurrera zabalduko bada ere, herriko eragile eta elkarteekin 'Kultur Mahaia' osatuko du Durangoko Udalak, Plateruenaren dinamika elikatzeko. Gabonetan irekiko ditu ateak, momentuz.

  • Plateruena Kafe Antzokia. Argazkia: Durangoko Udala

    Plateruena Kafe Antzokia. Argazkia: Durangoko Udala

2020ko abenduan Plateruena kudeatzen zuen elkarteak berau desegin eta espazioaren kudeaketa uztea erabaki ostean, Durangoko Udalak iragarri du gain hartuko duela horren kudeaketa, eta datozen asteetan irekiko dituela berriz ere ateak.

Horretarako, Plateruena berriak hiru printzipio edo oinarriren gainean lan egingo du: Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea.

Plateruenan bertan eginiko prentsaurrekoan, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, Patxi Lakuntza zinegotziak eta Maider Larrañaga Plateruenako arduradun berriak "erronka zail bezain erakargarri honen" inguruko azalpenak eskaini dituzte.

"Plateruenaren itxierak kolpe ederra suposatu zigun durangarroi eta euskal herritarroi, eta eraikin honen tamainako buruhausteei irtenbideak eman behar izan dizkiegu tarte guzti honetan, baina uste dugu orain arteko zailtasun guztiek proiektu berri hau indartu dutela", adierazi dute udal ordezkariek.

Zentzu horretan, Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiote hausnarketa prozesuan diagnostiko propioa landu duen 'Plateruena eta gero zer' plataformari, planteamendua aberasten laguntzeagatik. Era berean, bi prozesuek antzeko lehentasunak eta lan ildoak azaleratu dituztela gaineratu dute udal ordezkariek.

Kudeaketa eredu publikoa

Behin hiru helburu nagusiak zehaztuta, kudeaketa eredua zehaztu behar izan du Udalak. Garrastatxuk eta Lakuntzak nabarmendu dute puntu horretan bi irtenbide nagusi izan dituztela mahai gainean: kudeaketa lehiaketa publikora atera eta berau enpresa edo elkarte pribaturen baten esku uztea, ala Durangoko Udalak kultur eskaintzaren kudeaketa bere gain hartzea. Gauzak horrela, bigarrenaren alde egin du Udalak.

Beraz, erabakia hartuta, Plateruena Durangoko Udalaren kultur eskaintzaren parte izatera pasako da, San Agustin Kulturgunearen, Arte eta Historia Museoaren edota Musika Eskolaren maila berean.

"Apustu handia egin dugu azken urteetan kulturaren alde, baina kontziente ginen Plateruenak utzitako hutsuneaz. Orain hutsune hori ilusioz eta baliabide publikoz betetzera goaz, kulturgintzan, osasungintzan bezala, zerbitzu publiko duin batzuen alde egiten dugulako", gaineratu dute ordezkari durangarrek.

Plateruena Udalak kudeatuko duen arren, udal ordezkariek 'Kultur Mahaia' izeneko elkargune bat sortuko dute herriko eragile ezberdinek parte hartu ahal izateko. Horren helburua haien iritzi eta eskaerak ahalik eta modu horizontalenean kudeatzea izango da.