Itxi

kultura

Kultura Bonua

Gipuzkoako herritarrek ostiraletik erosi ahalko dute Kultura Bonua

EITB MEDIA

Lurraldeko 64 liburu dendatan izango da salgai, aurreko urteetako baldintza berdinetan. Euskarazko produktuek deskontu handiagoak izango dituzte.

  • Artxiboko irudian, hainbat liburu. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

    Artxiboko irudian, hainbat liburu. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Gipuzkoako Kultura Bonua ostiraletik izango da salgai, alegia, abenduaren 2tik, lurraldeko 64 liburu dendatan. Aurreko urteetako baldintza berdinak izango ditu, eta euskarazko produktuek deskontu handiagoak jasoko dituzte.

Testuinguru horretan, aurreko bi kanpainetan izandako zifrak errepikatu dira; hau da, Foru Aldundiak 80.000 euro baliatu ditu herritarrek guztira 8.700 bonu eskura ditzaten. Horietako 2.700, euskarazko kultura produktuetara bideratuko dituzte; eta gainerako 6.000ak, aldiz, gaztelaniazko eta beste hizkuntzetako produktuetara. Lehen kasuan, 12 eurora arteko hobariak izango dira, 20 euroko, eta, bigarren kasuan, 8 eurora artekoak.

"Hasieratik asmatu genuen ereduarekin", esan du, prentsaurrekoan, Maria Jose Telleria Kultura eta Kirol foro ahaldunak. Telleriaren lehen agerraldia izan da, Harkaitz Millan bere aurrekoak dimisioa eman ostean; Millanek liskarra izan du asteburuan, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen.

Harekin batera, Adolfo Lopez Chocarro Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Gremioko presidenteak ekimenaren arrakasta berretsi du. 2015ean abiatu zuten, irakurketa bultzatzeko eta lurraldeko merkataritza sarea eta kultura produktuak banatzeko sarea indartzea helburu. Gabonetako garaian, salmentak "aise" % 25 handitzen ditu.

Gabonetako kanpaina "arreratu eta luzatu" egiten du Kultura Bonuak

Lopez Chocarrok nabarmendu duenez, Kultura Bonuak liburu dendetako Gabonetako kanpaina "aurreratu eta luzatu" egiten du; izan ere, abenduaren 2an hasiko dira saltzen, eta, gainera, urtarrilaren amaierara arte irauten du (2023an, urtarrilaren 29ra arte). Hori dela eta, erosleak, kultura kontsumitzeaz gain, kultura "oparitu" ahal du, Gabonetan.

"Gremioan, erabat pozik gaude sistemarekin. Hasieratik ibili da ondo, eta hiritarrek ilusioz hartzen dute, Gabonetako Loteria izango balitz bezala", gehitu du.

Bonuarekin, liburuak erosi ahal dira, testu liburuak eta liburu profesionalak izan ezik, eta edozein euskarritan ikus-entzunezko produktuak. Kanpainarekin bat egin duten gipuzkoar dendetan erosten dira, eta lurralde orekaren eta saltokiaren tamainaren arabera banatzen dituzte.