kultura
Dokuklik
Zer jakin nahi duzu zure arbasoei buruz?
500 artxibo publiko zein pribatutan online bilaketa egiteko aukera ematen du, familiaren arbola genealogikoa aztertzeko.
Familiaren arbola genealogikoa egiteko, orain arte orduak eta orduak egin behar izaten ziren Elizako artxiboetan. Orain, berriz, di-da batean egin daiteke Dokuklik bilatzailearen bitartez, etxetik mugitu barik. Bertan, Eusko Jaurlaritzak Elizaren artxiboak eta beste ia 500 artxibo, publikoak zein pribatuak, ipini ditu herritarren eskura.
1.500etik 1.900era arteko bataio, ezkontza eta heriotza agiri guztiak banan-banan digitalizatu dituzte Bizkaiko Elizaren artxibo honetan, baita Araba eta Gipuzkoakoan ere. Eta horiek guzti horiek daude, orain Dokuklik bilatzailean.
Edozeinek egin dezake kontsulta, debaldekoa da.
Elizaren artxibo honekin batera, Erdi Arotik gaur arteko beste ia 500 artxibo gehiago daude Dokuklik webgunean. Lehen, artxibategi barruan orduetako lana nekeza zena, orain, etxean bertan egin daiteke klik-klak batean.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Dokuklik agiri historikoen bilatzailea jarri du martxan, eta Euskadiko artxibo publiko eta pribatuen sarea sartu du bertan. Webguneak 6 milioi agiri-erreferentzia ditu, XIII. mendetik XX. mendera bitartekoak, eta horiekin lotutako 2,5 milioi irudi digital inguru daude.
Egitasmoan 150 erakunde publiko, fundazio, familia eta partikularrek parte hartu dute, 500 bat agiriren ekarpenak eginda.
Dokuklik webgunean, Artxibo Zerbitzuaren egoitzan Kultura Sailak gorde dituen agiri historiko guztiak daude.
Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1.200.000 euro bideratu ditu proiektu horretara, 2007tik 2011ra, eta, horri esker, Euskadik agiri historikoak biltzen dituen webgunea du. Horrelako webgunea duen Europako lurralde bakarra da.