kultura
'Mundua aldatzeko ideiak'
Intelektualek "gizarte eredu bidezkoago" baten alde egin dute
'Mundua aldatzeko ideiak' jardunaldietan parte hartu duten pentsalarien ustez, egungo gizarte eredua, "ultraliberala, bertikala eta insolidarioa" da eta berrikusi egin behar da.
-
'Mundua aldatzeko ideiak' jardunaldietako partehartzaileak. Argazkia: EITB
2012 Euskadi ekimenak antolaturiko "Mundua aldatzeko ideiak" nazioarteko topaketan parte hartu duten intelektualek ondorioztatu dute egungo gizarte eredua "bidezkoagoa" den eredu batekin ordezkatu behar dela.
Eusko Jaurlaritzak "2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea" ekimenaren garapena kudeatzeko sorturiko 2012 Fundazioak "Mundua aldatzeko ideiak" ekimena garatu du uztailaren 5ean, 6an eta 7an. Kulturaren eta jakintzaren arloetako munduko 18 pentsalari eta intelektual ospetsu bildu ditu pentsaera eta gizarte garaikideko topaketak.
Antolatzaileek adierazi dutenez, topaketaren ondorioetan, gonbidatu ospetsu guztiak bat etorri dira esatean egungo gizarte eredua, "ultraliberala, bertikala eta insolidarioa", berrikusi egin behar dela, eta "berdintasunezkoagoa, humanistagoa eta horizontalagoa" den eredu batek ordezkatu behar duela.
Ramiro Pinilla eta Luisa Etxenike euskal idazleez gain, nazioarteko kulturako hainbat pertsona ospetsu izan dira hizlarien zerrendan, hala nola Zygmunt Bauman filosofo poloniarra, Amy Goodman kazetari estatubatuarra, Alessandro Baricco idazle italiarra, Susan George filosofo frantses-amerikarra, Isabel Coixet zinemagile kataluniarra, Alfredo Jaar artista eta arkitekto txiletarra edota Germaine Greer feminismoaren teorialari australiarra.
Antolatzaileen arabera, pentsamenduari buruzko jardunaldi hauetara bertaratu diren entzuleek "oso harrera ona" egin diote ekimenari, non bost kontinenteetako hainbat kultura-eremutatik etorritako ideiak azaldu diren.
Jardunaldietan parte hartu ahal izan da hizlariei galderak eginez eta "mundua aldatzeko ideiak" partekatuz, ekarpenak horretarako prestatuta zeuden kutxan sartuz. Horrez gain, jardunaldiak internetez (streaming bidez) jarraitu ahal izan dira, dohainik, eta zuzenean irekia.euskadi.net eta euskadi2012.org atarien bitartez.