kultura
Zinema
Hiroshi Teshigahara zinemagile japoniarraren atzerabegirakoa eskainiko du Zinemaldiak
EITB Media
Irailaren 22tik 30era Donostian egingo den zinema jaialdiak haren filmografia osoa erakutsiko du, 20 pelikula, film luze, ertain eta laburrak kontuan hartuta.
-
Hiroshi Teshigahararen atzera-begirakoaren kartela. Argazkia: Zinemaldia.
Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioak Hiroshi Teshigahara zinemagile japoniarrari buruzko atzerabegirakoa eskainiko du zinema klasikoaren zikloan, eta hark 1953 eta 1992 artean zuzendu zituen 20 titulu erakutsiko dira (film luzeak, ertainak eta laburrak).
Hiroshi Teshigahara (1927-2001) XX. mendeko 60ko hamarkadako zinema japoniarreko funtsezko zuzendarietako bat da, poetika esperimentaleko pelikula batzuei eta Kobo Abe idazlearekin izandako lankidetza luzeari esker. Espainian ikusi ahal izan zen haren filma bakarra, Suna no onna/Woman in the Dunes (1964), garai haren eta Teshigahararen estiloaren isla da.
Errealizadore japoniarrak Arte Ederrak ikasi zituen, eta 50eko hamarkadaren erdialdean hasi zen zinemaren munduan, film labur dokumentalaren esparruan. II. Mundu Gerran erresistentzia mugimenduek erakutsi zituzten Mendebaldeko zinema korronte guztiek interesa piztu zioten. Cinema 57 izeneko klub baten parte ere izan zen. Bertan, askotan areto komertzialetan ikusten ez ziren dokumentalak proiektatzen eta eztabaidatzen zituzten.
Zinema dokumentalarekiko interes hori ondoren egin zituen fikziozko film luzeetan ere islatu zen.
Kobo Abe idazlearekin batera egindako lana oso emankorra izan zen. Honek hainbat pelikuletako gidoiak idatzi zituen eta bere hiru eleberri zinemara egokitu zituen Teshigaharak eskatuta.
Donostiako Zinemaldian Japoniako zinemagilearen bi lan ikusteko aukera izan da orain arte. 1985eko edizioan, Suna no onna zinta aurkeztu zuen "Errautsak eta diamanteak" zikloan. 2008an, berriz, Moetsukita chizu proiektatu zen "Japonia beltzean" atzerabegirakoaren barruan.
Atzerabegirako hau "Klasikoak" zikloaren parte da. Euskadiko Filmategiarekin batera antolatu, eta Japan Foundation eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean egin da, "Euskadi Japonia 2023" programaren baitan. Zikloaren osagarri gisa, Inuhiko Yomotaren Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko da, japonieratik Daniel Aguilarrek itzulia.