Itxi

kultura

LITERATURA

Patxi Zubizarreta idazleak aurtengo Haur eta Gazteen Literatura Sari Nazionala irabazi du

EITB Media

Epaimahaiak "Zerria" lanagatik saritu du, eta narratibaren "kalitatea" ez ezik, kontakizunaren "indarra" balioetsi du.

1:40
Patxi Zubizarreta

Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi du haur eta gazteen literatura sailean, Zerria lanagatik. Epaimahaiak bere narratibaren "kalitatea" ez ezik, kontakizunaren "indarra" balioetsi du, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ohar batean azaldu duenez.

Halaber, kontzientzia, memoria eta oraina mugiarazteko gai den kontakizunaren "maisutasuna" azpimarratu du.

Aldi berean, idazlearen "idazkera fin eta dotorea" goraipatu du epaimahaiak, "zaurian edertasuna aurkitu eta gazteentzako literatura harribitxi bihurtzen duelako".

Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak, urtero, Espainiako Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan idatzitako liburuei ematen dien saria da (30.000 euro). Aurten, iazko lanak aintzat hartu dira.

Zerriak liburua 2022an argitaratu zuen Erein argitaletxeak, 2021ean Lizardi Sariaren 40. edizioa irabazi ondoren.