Itxi

Zinemaldia

Izar gehiago

Oliver Stonek Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia saria jasoko du

Erredakzioa

Sari berezia da, 60. urteurrena betetzen den honetan. John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreekin batera, 'Savages' filma aurkeztuko du Stonek Zabaltegi-Perlak sailean.

01:18
Oliver Stonek Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia Saria jasoko du

Oliver Stone AEBetako zuzendariak Donostiako Zinemaldiaren 60. urteurreneko Donostia saria jasoko du, ibilbide osoa aitortu nahi baitiote horrela. Sari berezia da, 60. urteurrena betetzen den honetan. John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreekin izango da Donostian Oliver Stone, Savages filma aurkezteko.

AEBetako zinema modernoaren zuzendari enblematikoenetako bat da Oliver Stone (New York, 1946), eta bere lanetan eztabaida handia sortzen duten gai sozialak eta politikoak jorratzen ditu, estilo bisual oso indartsua baliatuz.

Gidoilari gisa hasi zen zinema-munduan, eta lehenengo Oscar saria Alan Parker zuzendariaren Midnight Express (1978) filmaren gidoiagatik jaso zuen. Beste pelikula ezagun batzuen gidoiak ere bereak dira, tartean John Milius zuzendariaren Conan the Barbarian (1982) eta Brian de Palmaren Scarface (1983) filmetakoak.

Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana The Hand (1981) fantasia thrillerra izan zen; baina estilo berezia eta zuzendari moduan dituen interesak bost urte geroago geratu ziren agerian, Salvador (1986) drama politikoarekin. Film horrek Zinemaldiko Belodromoko proiekzioak inauguratu zituen bere garaian.

Ondoren, nazioartean ospea ekarri zion Platoon (1986) filma etorri zen, Vietnamgo gerrari buruzko erretratu latza. Horri esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen, baita film onenarena ere. Arrakasta handia izaten jarraitu zuen negozio handien munduari buruz ikuspegi garratza eskaintzen zuen Wall Street (1987) lanarekin, eta berriz ere Vietnamgo traumaz hitz egiten zuen Born on the Fourth of July (Uztailaren 4an jaioa, 1989) filmarekin. Azken honi esker, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi zuen.

Hurrengo filmetan, Stonek AEB modernoari buruzko erretratu sakon eta hunkigarria eskaini du, eta, besteak beste, honako gai hauek landu ditu: Kennedyren hilketa, JFK (1991); Richard Nixonen agintaldia, Nixon (1995); AEBetako gizartearen indarkeria, Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994); kirolaren munduko ustelkeria, Any Given Sunday (Edozein igandetan, 1999) eta irailaren 11ko atentatuak, World Trade Center (2006).

Stone lau aldiz izan da Donostia Zinemaldian, Salvador, Natural Born Killers eta World Trade Center lanak aurkezten, Belodromoan, eta Looking for Fidel (2004) dokumentala aurkezten, Zabaltegi-Bereziak sailean.

Oraingoan, John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreekin

John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreekin, Savages filma aurkeztuko du Stonek aurten, Zabaltegi-Perlak sailean. Don Winslow idazlearen izen bereko best-sellerrean oinarrituriko thriller horretan , John Travolta, Benicio Del Toro, Taylor Kitsch, Blake Lively, Aaron Taylor Johnson, Salma Hayek, Emile Hirsch eta Demian Bichir aktoreak ikus daitezke lanean.

Irailaren 23an estreinatuko dute lana Victoria Eugenia Antzokian, eta bertan izango dira zuzendaria eta John Travolta eta Benicio Del Toro aktoreak.

Stone, Travolta eta Del Toro ez dira izango aurtengo izar bakarrak Donostian. Besteak beste, Richard Gere, Susan Sarandon eta Ben Affleck izango ditugu Zinemaldian.