Itxi

kultura

Dantza

Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariek jasoko dute Dantza saria

N. V. | EITB Media

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Dantza Hilabetearen kariaz antolatutako egitarau zerrenda aurkeztu du gaur. Apirilaren 28an, igandearekin, Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala egingo dute, Victoria Eugenian.

  • Apirilaren 21ean Kontxako Barandako ekitaldia izango da, Dantza Hilabetean ohi denez

    Apirilaren 21ean Kontxako Barandako ekitaldia izango da, Dantza Hilabetean ohi denez

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak aurten Dantza Hilabetea ospatzeko prestatu duen programazioa aurkeztu du gaur, Donostian. Martxoaren 17an, Dantza Eskolen Erakustaldia egin zuten Leidor antzokian, Tolosan, eta apirilean Dantza Kalean (hilak 20, 17:00etan, Alderdi Ederren, 281 dantzariren eskutik), Kontxako Baranda (hilaren 21eko eguerdian, 1.476 ikasleren eskutik) eta Dantzaren Nazioarteko Gala (hilak 28, Victoria Eugenian, bi saiotan, 12:00etan eta 19:00etan).

Gala horretan, Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariek Dantza saria jasoko dute. Calongek ibilbide luzea egin du interprete gisa, eta Cielo Raso konpainiaren sortzailea; Vesgak Maurice Ravel Biarrizko kontserbatorioan eta London Contemporary Dance Schoolen ikasi du, eta dantzari eta koreografoa lanetan jardundakoa da.

Bi saio izango dira Dantzaren Nazioarteko Egunaren Galaren hogeita zazpigarren edizioan, 12:00etan eta 19:00etan, eta sarrerak salgai daude Victoria Eugenia antzokiko leihatilan, Antzoki Zaharrean eta Donostia Kulturaren webgunean, 24, 18 eta 10 euroan.

Hainbat dantza estilotako 12 koreografia landuko dituzte oholtza gainean Igor Calonge eta Oihana Vesga saridunek, JAC Balletek, Jon Vallejok (Dresden), Hodei Iriartek, Chihiro Tamaik eta Manuel Sanchezek (Kiev ballet), Real Conservatorio Profesional de Danza Mariemmak, Fabio Lopezek (Compagnie Illicite Bayonne), Elephant in the Black Box dantza garaikideko konpainiak, Verdini Dantza Taldeak eta Malandain Ballet Biarritzek.