Itxi

Zinemaldia

Zinema Donostian

Trueba eta Cantet, lehiara

Fernando Truebak 'Artista eta modeloa' aurkeztu du, eta Laurent Cantetek gauza bera egin du 'Foxfire' pelikularekin. Biak Sail Ofizialean lehiatzen ari dira.

01:29
Fernando Trueba eta Laurent Cantet, lehiara

Donostiako Zinemaldiak abiadura biziko asteburua eskaini digu, eta, astelehen honetan, Fernando Trueba eta Laurent Cantet ditu protagonista. Lehenengoak Artista eta modeloa aurkeztu du, Cantet, berriz, Foxfire pelikularekin heldu da Donostiara. Biak Urrezko Maskorra lortzeko lehian dira.

Harrera ona Truebaren lanari

Artista eta modeloa Fernando Truebak zuzendu duen lanak eraman ditu astelehen honetan kritikarik onenak. Frantsesez filmatuta dago, zuri-beltzean, eta musikarik gabe. Eskultore baten bizitza du hizpide, eta Jean Rochefort, Aida Folch eta Claudia Cardinale dira protagonistak.

''Bizitza amaitzear dagoela uste du eskultoreak, eta itxaropena galdu du. Baina, orduan, espero ez duenean, iritsiko zaio bizitzako unerik gorena'', azaldu du zuzendariak prentsaurrekoan. "Artistak apala izan behar du nahitaez. Eskuak eta begirada ditu erreminta bakar'', esan du Truebak aurkezpenean. ''Artea eta bizitza gauza bera dira. Ezin dira banatu'', gaineratu du.

Ostegun honetan jakingo dugu Artista eta modeloa filma Oscar sarietarako hautagai izango den ala ez.

Nerabeen mundua, Cantet zinemagilearen eskutik

Urrezko Palma irabazi ondoren zuzendutako lana aurkeztu du astelehen honetan Zinemaldian Laurent Cantet zinemagileak. Joyce Carol Oates idazlearen izen bereko eleberrian dago oinarrituta, eta ingelesez filmatuta. 50eko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetako neska gazte talde baten sorrera eta desagerpena ditu oinarri Foxfire pelikulak. Hasieran, gizonezkoen zapalketari aurre egiteko helburua dute, eta terrorismotik gertu bukatuko dute neskek.

''Nerabe garenean munduaz dugun ikuspegia eta munduari aurre egiteko ditugun aukerak dira ildo nagusiak'', azaldu du prentsaurrekoan. ''50eko hamarkadan girotuta dagoen arren, egungo gizartera begiratzen du'', azaldu du.