Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Bigarren eguna

Urtero legez, euskal kulturan murgilduz

Erredakzioa

Szenatokiak Kike Amonarrizen monologo maratoia jasoko du, eta Irudieneak 3Dtan euskaraz egindako lehen filma. Gainera, "B Aldea" Gazteako saioak 500. programa eskainiko du zuzenean.

  • Durangoko Azoka 2012 | Argazkia: EITB

    Durangoko Azoka 2012. Argazkia: EITB

Durangoko Azokak gogotsu eta salmentak bultzatuz abiatuko du bigarren eguna. Landako Guneak lepo beteta jarraituko du gaur ere, baina Durangora joan ezin baduzu, EITBk AzokaTB bitartez gertatzen ari den guztia jarraitzeko aukera emango dizu.

Bart Plateruenan izandako kontzertuen ondoren (Bizardunak eta Vendetta), gaur txalapartariz, flamenkoz eta bertsolariz osatutako ikuskizuna eskainiko dute: "Nire kera zurearen palian dago". Bertan, Arkaitz Estiballesek, Amets Arzallusek eta ijitoen kulturako hainbat ordezkarik hartuko dute parte.

Szenatokiak (San Agustin Kultur Gunean) euskarazko monologo maratoi bat jasoko du 16:00etatik aurrera. Besteak beste, Kike Amonarriz, Yannik Vergara eta Urko Aristi izango dira bertan, eta eitb.com-en jarraitu ahal izango da streaming bidez.
Kabi@ guneak euskarazko teknologia berrien inguruko ekintza asko antolatuko ditu, hitzaldiak eta euskarazko wikipediaren ingurukoak, besteak beste.

Morritson eta Gartzia 3D teknologian euskaraz egin den lehen film luzea ikusteko aukera egongo da Irudienean, 12:30ean, eta hiru dimentsiotan euskaraz egindako bideoklipak ere izango dira bertan, Gose eta Keu Agirretxearen eskutik. Mikel Clementek 3Dtan grabatutako lehen film laburra ikusteko aukera ere egongo da.

Ahotseneak, besteak beste, Seiurte, Xabi San Sebastian, Joseba B. Lenoir, Larregi, Never Surrender, Itziarren Semeak eta Willis Drummond hartuko ditu, eta Kafea eta gailetak eta Rikardo Arregiren Bitan esan beharrekoak liburuak eta Igela, Batera eta Txalaparta argitaletxeen bildumak aurkeztuko dituzte bertan.

Bestalde, "B Aldea" Gazteako programak 500. emanaldia ospatuko du Durangoko Azokan, irratiz zein streaming bidez jarraitu ahalko den saio berezi batekin, 19:00etatik aurrera. Egunotan Durangon izango diren hitzordu nagusien inguruan mintzatuko dira bertan.