Itxi

kultura

Kanpaina

Astelehenean helduko da Kultura Bonua

40.000 Kultura Bonu jarriko dituzte salgai astelehenean eta EAEko 387 saltokitan erabili ahal izango da, iaz baino 20 gehiagotan.

01:16
Iaz baino leku gehiagotan izango da eskuragarri Kultura bonua

Eusko Jaurlaritzak 40.000 Kultur Bonu jarriko ditu aurten salgai eta astelehenetik aurrera eta urtarrilaren 5era arte eskuratu ahal izango dira 25 euroren truke, EAEko 387 saltokitan, iaz baino 20 bat gehiagotan.

Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak aurkeztu du kanpaina Donostian, Amaia Ayastuy Kutxako Egitasmo Berri eta Kanalen arduradunarekin batera. Aurreko hiru edizioetan bezala, "emaitza onak" jaso dituzte eta 25 euroren truke eskuratu ahal izango dira, kultur produktuetan 40 euroko balioa izango dutelarik.

Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro eman ditu Kultura Bonurako aurten. Bizkaian 22.000 (%55a), Gipuzkoan 11.200 (%28a) eta Araban 6.800 (%17) salduko dira.

Edozein kultur produktu eskuratu daiteke: liburuak (testu-liburuak ezik, ikerketenak eta profesionalak), musika edozein euskarritan eta kontzertuetarako, zinemarako, ikuskizunetarako eta museoetarako sarrerak. Fidelizazio-txartelak eta pelikulak DVD formatuan ere eskuratu daitezke.

Urtarrilaren 5era arte eskuratu daitezke kultura bonuak eta astelehenetik aurrera erabili daitezke, urtarrilaren 18ra arte. Epe horren ostean ezingo dira erabili. 387 saltokik egin dute kanpainarekin bat, 163 Bizkaian, 115 Gipuzkoan eta 25 Araban. Iaz 364 saltoki izan ziren kanpainian.

Azken unera arte ezin izan dute Kultura Bonua izango zen edo ez, izan ere, Banatzaile Handien Elkarteak, saltoki handien patronalak, banaketa bertan behera uzteko eskatu zuen, baina epaileek ez dute onartu.

Halere, epaiketak aurrera darrai. 2009an helegitea aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzaren lehen Kultura Bonuaren kanpainaren aurka, liburudenda eta saltoki txikiak babesteko egindako kanpaina zelako.

Kanpaina honetan helegitea jarri omen du berriz elkarteak, baina Riverak esan duenez, "argumentu argiak" eman dituzte bonua saltoki handietan ez banatzeko.

Adierzi dutenez, kultura bonua ez da kultur produktuen kontsumoa hiritarren artean sustatzeko neurria bakarrik, "urteko 365 egunetan eusten den korapiloa" babesteko baizik. Saltoki txikiak, museoak, aretoak eta antzokiak dira "kultura hiritarrei heltzeko tresnak", eta "tratamendu ezberdina" behar dute, krisi garaietan batez ere.