Itxi

Oscarrak 2024

85. edizioa

Seth MacFarlanek aurkeztuko du aurtengo zeremonia

A. A.

Azken urteetan, Hugh Jackman, Anne Hathaway, James Franco, Neil Patrick Harris eta Billy Crystal izan dira gala aurkeztu duten artistak.

  • Seth MacFarlenek aurkeztuko du aurtengo zeremonia. Argazkia: oscars.org

    Seth MacFarlenek aurkeztuko du aurtengo zeremonia. Argazkia: oscars.org

Ted komediaren zuzendariak eta Family Guy telesailaren sortzaileak, Seth MacFarlanek, aurkeztuko du 2013ko Oscar Sarien zeremonia. Craig Zadan eta Neil Meron galaren ekoizleen aburuz, MacFarlanen interpretatzeko gaitasunari esker, aurtengoa "ikuskizun entretenigarri eta arina" izango da.

MacFarlanek zuzendu duen lehen filma izan da Ted. Pelikulako protagonista Mark Wahlberg da, eta lanak arrakasta handia izan du.

Oscarren 85. edizioko gala Dolby antzokian izango da, otsailaren 24an.

Aurten, gainera, 40 urtetan lehen aldiz, zeremoniaren aurkezleak Akademiaren izendapenak iragartzen lagunduko du.

Hala eta guztiz ere, Oscarren gala aurkeztea ez da batere lan samurra. Urtero, aurkezleek erronka zail bati aurre egin behar izaten diote.

2009an, Hugh Jackmanek gala apalago bat zuzendu behar izan zuen. Hala ere, ekitaldi hartan, Miserableak aurtengo filmik garrantzitsuenetako baten aurrerapena izan genuen; izan ere, Jackmanek Anne Hathaway agertokira igo zuen eta biak abesten ikusteko aukera izan genuen.

2010eko zeremonian, Hollywoodeko glamour klasikoa berreskuratu zuten, eta Neil Patrick Harrisek aurkeztu zuen. Aktoreak ez zuen argi eta fokuen artean dantzatzeko eta abesteko arazorik izan.

2011n, Anne Hathawayk eta James Francok gaztetasuna eman zioten ekitaldiari, baina kritikoei ez zitzaien gehiegi gustatu. Gainera, Franco aktore onenaren saria jasotzeko hautagaietako bat zen, 127 hours filmean egindako lanagatik, baina, azkenean, Colin Firthek irabazi zuen (The King's Speech).

Iaz, Billy Cristalek aurkeztu zuen Oscar sariak banatzeko gala, beste behin; izan ere, 1990., 1991., 1992., 1993., 1997., 1998., 2000. eta 2004. urteetan ere izan zuen ekitaldia zuzentzeko ardura. Bob Hope aktoreak bakarrik aurkeztu du Cristalek baino gehiagotan. Gainera, hasierako bideoan The Artist filmari omenaldi berezia egin zioten eta Justin Bieber abeslaria ere atera zen irudietan.

85 ediziorako aurkezle gehiago

Mark Wahlbergek eta Ted filmeko panpinezko artzak ere Oscarretako zeremonia aurkeztuko dute, galako ekoizleek azaldu dutenaren arabera. Horrela, Seth MacFarlanekin batera arituko dira otsailaren 24an.

Wahlbergek Akademiaren Sarietarako bi hautagaitza lortu ditu orain arte, The Departed (2006) filmean egin zuen paperari eta The Fighter (2010) pelikulak izan zuen hautagaitzari esker.

Aurtengo ekitaldian, gainera, Adelek, Norah Jonesek eta Barbra Streisandek abestuko dute.