Itxi

Oscarrak 2024

Musika

Oscar saririk kantarienak

A. A.

Musikalek ere ibilbidea egin dute Hollywoodeko industrian, baina abesten ausartu diren aktoreek kamera aurrean jarri diren musikariek baino zorte hobea izan dute.

  • 'Les misérables' filmaren irudia.

    'Les misérables' filmaren irudia.

Hugh Jackman (Gizonezko Aktore Onenaren eta Abesti Onenaren sarietara hautagaia) eta Anne Hathaway (Bigarren Emakumezko Aktore Onenaren sarira hautagaia) aktoreek Oscar saria jasotzeko hautatzea lortu dute Miserableak filmean, interpretazio bikaina egiteaz gain, ondo abesteagatik. Hala ere, Oscar sarien historian, zorte hobea izan dute abesten ausartu diren aktoreek (Reesse Witherspoon eta Catherine Zeta Jones, besteak beste) kamera aurrean jarri diren musikariek baino (Madonna, adibidez).

Hollywood klasikoan, musikalak egiten zituzten artistak interpretazioan, dantzan eta musikan adituak ziren: Gene Kelly, Judy Garland eta Julie Andrews, adibidez. Bestela, filmatzen ari ziren pelikulako izarraren ahotsa bikoizteko arazorik ez zuten izaten. Horrela egin zuten Audrey Hepburnekin My Fair Lady filmean eta Christopher Plummerrekin The Sound of Music lanean.

Azken urteetan, berriz, aktore askok, zailtasunak izan arren, abesteko erronkari eutsi diote. Moda hori hasi zuen Woody Allen zuzendariak Everyone Says I Love You filmean. Aurten, Hathawayk eta Jackmanek kantuan egin duten interpretazioekin musikalak Oscarretara itzuli dira.

Jackmanek Broadwayn ere egin du lan, eta Hooperrek, aktoreari konfiantza osoa emanda, Miserableak filmeko eszena guztiak zuzenean grabatzea erabaki zuen.

Moulin Rouge eta Sweeny Todd

Bigarren emakumezko aktore onenaren sarirako faboritoa da Hathaway, besteak beste, "I Dreamed a Dream" abestiaren interpretazioagatik. Hala ere, Russell Crowe, Amanda Seyfried, Eddie Redmayne, Sacha Baron Cohen eta Helena Bonahm Carter aktoreek ere (Miserableak) bikain egin diote aurre erronkari.

Bonham Carterrek Tim Burton senarrarekin Sweeny Todd musikala ere egin zuen. Film horri esker Johnny Deppek Oscarretako finalisten artean izatea lortu zuen. Hala ere, kategoria honetako arrakastarik handiena Baz Lurhamen Moulin Rouge pelikula izan zen. Proiektu horri esker ezagutu genuen Ewan McGregor eta Nicole Kidman aktoreen abesteko gaitasuna.

Lan horren ostean, McGregorrek Down With Love filmean ere abestu zuen, eta West Endeko agertokira igo zen Guys and Dolls musikala egiteko. Kidman, bere aldetik, arrakasten zerrendetako lehen postuetara iritsi zen, Robbie Williamsekin batera Frank eta Nancy Sinatraren "Something Stupid" abestiari esker.

Aktore lanetan hasi ostean, Jennifer Lopezek ibilbide musikalari ekin zion, eta, gaur egun, errentagarriagoa da musikaren industrian zineman baino. Kate Winsletek ere zerrenda britainiarretan sartzea lortu zuen A Christmas Carol pelikulan "What if" kanta abestuta.

Catherine Zeta Jones (Oscarra irabazi zuen), Richard Gere eta Renée Zellweger ere abesten ikusi genituen Chicago filmean, Meryl Streep Mamma Mia! pelikulan, eta Reese Witherspoon (Oscarra irabazi zuen June Carter antzezteko egindako lanari esker) eta Joaquin Phoenix (Johnny Cash antzezteagatik izendatu zuten) Walk the Line pelikulan.

Europa

Europan ere musikalek tartea izan dute. Espainian, Paz Vegaren eta Natalia Verbekeren El otro lado de la cama egin zuten, eta, Frantzian, 8 femmes, Catherine Deneuve, Isabelle Huppert eta Fanny Ardant aktoreekin.

Rupert Everettek "I Say a Little Pray" abestu zuen, My Best Friend's Wedding filmean. Julia Roberts ere Everyone Says I Love You pelikulan saiatu zen, baina ez zen oso esperientzia ona izan eta berriz ez egitea erabaki zuen.

Zineman arrakasta lortu duten abeslariak ere izan dira. Horietako batzuek, gainera, Oscar saria ere irabazi dute: Jennifer Hudson (Dreamgirls) eta Cher (Moonstruck). Beste batzuk sarietarako hautagaiak izan ziren: Diana Ross (Lady Sings the Blues) eta Queen Latifah (Chicago). Canneseko zinemaldian Björk (Dancer in the Dark) eta, berriz ere, Cher (Mascara) izendatu zituzten.

Arrakastarik gabe

Porrotik ezagunenak Spice Girls taldearena eta Christina Aguilera, Britney Spears, Avril Lavigne eta Madonna abeslarienak izan ziren.

Michael Jackson, The Beatles, Mick Jagger, Elvis, Sting, David Bowie, Tom Waits, Justin Timberlake eta Miguel Bose espainiarra (Almodovarren Tacones lejanos filmean parte hartu zuen), besteak beste, zinema egiten saiatu ziren, eta ez zuten porrotik izan, baina musikarekin ospe handiagoa lortu zuten.