Oscarrak 2024
Kanpaina egiten
Anne Hathawayren parodia egin dute
Erredakzioa
Emma Fitzpatrick ('The Social Network') aktoreak "I Dreamed a Dream" Hathawayk 'Miserableak' filmean abesten duen kantuaren parodia egin du, Oscarra Hathawayk berak irabaztea eskatzeko.
-
Anne Hathaway eta Emma Fitzpatrick. Argazkia: YouTube
"I Dreamed a Dream" Anne Hathawayk Miserableak filmean abesten duen kantuaren parodia egin du Emma Fitzpatrick (The Social Network) aktoreak. Bideo horren bidez, otsailaren 24an Oscarra Hathawayk irabazi behar duela aldarrikatu nahi izan du.
"For your Consideration" bideoa berehala hedatu da Interneten. Irudietan, Fitzpatrickek Oscarra Hathawayk irabazteko arrazoiak abesten ditu. Hathawayren lehiakideak Sally Field (Lincoln), Jacki Weaver (Gauzen alde ona), Helen Hunt (Saioak) eta Amy Adams (Maisua) dira.
Abestiaren azken zatian, Anne Hathawayk Critics Choice Awards sarietan golardoa jaso zuenean egin zuen hitzaldiari buruz hitz egiten du Fitzpatrickek. Agertokira igo zenean, hautagaiak aurkezteko egin zuten bideoan bere izena gaizki idazteagatik kexatu zen Hathaway: "Une gazi-gozoa da niretzat, sari hau eskuratu dudalako baina nire izena gaizki idatzi duzuelako (Ann Hathaway). Amaieran 'e' idatzi behar da". Ziur asko ez da egokia nik hau esatea, baina... Barkatu", esan zuen Miserableak pelikulako aktoreak.
"Members of the Academy, please don't forget Anne with and e (Akademiako kideak, mesedez, ez ahaztu Anne 'e' letraz idazten dela)", esan du Fitzpatrickek.