Itxi

Oscarrak 2024

86. edizioa

DiCaprio eta McConaughey aktore onenaren Oscarra irabazteko faborito

Erredakzioa

Bruce Dern, Chiwetel Ejiofor eta Christian Bale hautagaiekin batera lehiatuko dira irabazle garbirik ez duen lehiakortasun handiko sailean.

Oscar sarien 86. edizioak lehiakortasun handia izango du gizonezko aktore onenaren sailean. Leonardo DiCaprio eta Matthew McConaughey dira faborito nagusiak, baina Bruce Dern, Chiwetel Ejiofor eta Christian Bale aktoreek ere aukera handiak dituzte Oscar saria etxera eramateko.

Matthew McConaugheyek "Dallas Buyers Club" filmean egin duen lana mirestekoa izan da. Bertan, hiesa duela iragarri ostean heriotzaren aurka borrokan dabilen Ron Woodroof izeneko "cowboy" emakumezalea eta drogazalea gorpuztu du. Lan honekin Urrezko Globoa, Aktoreen Sindikatuko saria eta AEBko zinema kritikariek banatzen duten Critics Choice saria irabazi ditu.

Leonardo DiCapriok zinema akademiaren aitormena emango dion Oscarra bilatzen du. Azkeneko hamar urteetan hiru aldiz izendatu dute aktore onenaren saria irabazteko. Martin Scorsesek zuzendu duen "The Wolf of Wall Street" filmarekin Urrezko Globoa irabazi du.

Steven Spielbergen "Amistad" filmean hasi zuen ibilbide sendoa landu du Chiwetel Ejiofor aktoreak. Film komertzialetan lan egin ostean, "12 Years a Slave" lanean egiazko istorio batean murgildu da. Solomon Northup (Ejiofor) antzeztuta, aktore onenaren Bafta saria irabazi du.

77 urte dituela, Bruce Dern Oscar saria irabazten duen aktore helduena bihur daiteke. "Nebraska" filmean zahartzaroak eragindako arazoei aurre egin nahi dion gizona antzezten du. Honek, loterian milioi bat dolar irabazi duen uste okerra dauka. Duela 35 urte jaso zuen Oscarretarako lehen izendapena Dernek, "Coming Home" filmean egindako lanagatik.

Sail honetako izendatuen artean etxean Oscar bat duen aktore bakarra Christian Bale da. Antzezten dituen pertsonaietan eraldatzeko duen maisutasuna "American Hustle" filmean erakutsi du beste behin.