Itxi

Oscarrak 2024

Gala

Galaren une onenak

Erredakzioa

Aldarrikapen sozialak, Neil Patrick Harrisen galtzontzilloak, John Legend & Common abeslarien kontzertua eta Sean Pennen iragarpena, galako une onenak.

00:14

Aurtengo Oscar sarien galak etorkizunean ere gogoratzea merezi duten hainbat une utzi ditu, hala nola aldarrikapen sozialak eta zuzeneko musika emankizun hunkigarriak.

Ekitaldia Neil Patrick Harris aktoreak aurkeztu du, baina ez du distira egiteko astirik izan, gutxitan agertu baita. Horren unerik onenean galtzontzillotan agertu da, Michael Keatonek Birdman filmeko eszena batean egin bezala.

Aldarrikapen sozialen arloan, Alejandro Gonzalez Iñarritu zinemagileak (Birdman) mexikarrei eskaini nahi izan die film onenaren golardoa: "Otoitz egiten dut Mexikon merezi dugun Gobernua izan dezagun eta herrialde honetan (AEB) daudenei immigrante-nazio paregabe hau eraiki zutenei bezain tratu ona eman diezaieten".

Sean Penn aktoreak eman dio golardoa. Iragarpena egiteko modua ere xelebrea izan da: "Nork eman dio bizitoki baimena ('green card') kabroi honi ('son of a bitch')?".

Bideoa: Sean Penn film onenaren irabazlea iragartzen, eta Alejandro Gonzalez Iñarritu saria mexikarrei eskaintzen

Ikusleak zutik jarri dituen lehena Patricia Arquette izan da, emakumezko aktore onenaren saria jasotzean bi sexuen arteko eskubide berdintasunaren aldeko hitzaldia eskaini baitu.

"Erditu diren eta zergak ordaintzen dituzten emakume guztiei eskaini nahi diet saria; gizonezkoen soldata eta eskubide berdinak izateko garaia heldu da", esan du.

Bideoa: Patricia Arquette, emakumeen eskubideen alde

Beste une hunkigarri batek Selma filmaren taldea izan du protagonista. John Legend eta Common abeslariek jatorrizko abesti onenaren saria jaso dute, eta, hori baino lehen, "Glory" kanta interpretatu dute. Ondoren, duela 50 urte giza eskubideen alde Selmatik Montgomeryra manifestazioa egin zutenen borroka omendu dute, eta gaur egun ere askatasunaren eta justiziaren alde egiteko deia egin dute. Martin Luther Kingen borroka du hizpide Selma pelikulak.

Commonek Selma herriko zubia ere ekarri du gogora. "Zubi hori nazio zatitu baten ikur izan zen, baina orain aldaketaren ikurra da; zubi horren espiritua arraza, sexua, erlijioa eta estatus soziala baino urrunago doa; zubi hori itxaropena oinarri hartuta eraiki zuten, gupida oinarri soldatu zuten, eta gizaki guztien maitasunarekin goratu dute", nabarmendu du.

Kamerek hunkituta erakutsi dituzte Oprah Winfrey, David Oyelowo, Chris Pine eta beste hainbat artista.

Bideoa: John Legend eta Common, 'Selma'ren soinu bandako kanta nagusia abesten

Graham Moore gidoilari homosexualak (The Imitation Game) ere negar malkoak eragin ditu jatorrizko gidoi onenaren saria jasotzean. "16 urtekoa nintzenean, neure buruaz beste egiten saiatu nintzen, eta orain hemen nago", esan du, hunkituta eta erdi negarrez.

"Gizartearen parte ez direla sentitzen diren umeei zera esan nahi diet: bai, gizartearen parte zarete, jarraitu arraro eta ezberdin izaten, eta zuen txanda heltzen denean, niri orain egokitu zaidan bezala, mezu hau pasatu", gaineratu du.

Bestalde, Eddie Redmayne eta Julianne Moore gizonezko eta emakumezko aktore onenek esklerosia eta alzheimerra dituzten pertsonei eskaini diete euren saria.

MUSIKA EMANALDIAK

Bideoa: Lady Gaga, 'The Sound of Music' omentzen

Musika emankizunek ere distira egin dute ekitaldian, Lady Gagarena, kasu. The Sound of Music filmari omenaldia egin dio, eta Julie Andrews aktorea ere agertu da oholtzan.

Neil Patrick Harrisek ere abestu du galaren hasieran, eta aurten Oscar saridun askok gaztelaniaz hitz egin dutela izan du kontuan agur esan duenean: "Buenas noches, everyone!".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Oscar Sariak