Itxi

Oscarrak 2024

Erasoa

Will Smithek barkamena eskatu du Rocki emandako zaplaztekoagatik: "Onartezina eta barkaezina da"

Agentziak | EITB Media

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean adierazi duenez, indarkeria "pozoitsua eta hondatzailea da". Barkamena eskatu dio aurkezleari, ikus-entzuleei eta Akademiari. Azken horrek ikerketa abiatu du gertatutakoaren inguruan.

  • Rock, Smithen belarrondokoa jaso berritan.

    Rock, Smithen belarrondokoa jaso berritan. Argazkia: EFE

Will Smith aktoreak barkamena eskatu du Oscar sarien 94. edizioko galan egindako erasoagatik. Aktoreak belarrondokoa eman zion Chris Rock umoregileari, horrek Jada Pinkett emaztearen orrazkeraren inguruko txiste bat egin ostean.

"Oscarretan bart izan dudan jarrera onartezina eta barkaezina izan da", adierazi du Instagram sare sozialean zabaldutako mezu batean. Smithen hitzetan, indarkeria "pozoitsua eta hondatzailea da", eta aitortu du txisteen jomuga izatea bere "lanaren parte" dela.

"Jadaren (emaztea) osasun egoerari buruzko txistea entzutea gehiegi izan zen niretzat, eta emozionalki erreakzionatu nuen", azaldu du.

"Rikardo erregea" filmean egindako lanagatik gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen aktoreak esan duenez, "lotsatuta nago, eta nire ekintzak ez ziren bat etorri izan nahi dudan gizonari dagozkionekin. Ez dago tokirik indarkeriarentzat maitasun eta ontasunaren munduan".

Smithek Hollywoodeko zinema akademiari, galaren ekoizleei eta mundu osoko ikusleei ere eskatu die barkamena: "Williams familiari eta 'Rikardo erregea' filmeko familiari ere barkamena eskatu nahi diet. Damu dut nire jarrerarekin gu guztiontzat bidaia zoragarria izan den hau zikindu izana. Aurrera doan lan naiz".

Hollywoodeko Akademiak Smithen aurka egingo ote duen aztertzeko ikerketa abiatuko duela iragarri eta ordu batzuetara kaleratu du oharra aktoreak.

Galan, Chris Rock Dolby antzokiko agertokira igo zen dokumentalik onenaren Oscarra aurkezteko, eta txantxa bat egin zuen Jada Pinkett-Smithen buru soilduaren inguruan (alopezia duela iragarri du), beraren itxura Ridley Scotten film ezaguneko O'Neil tenientearekin konparatuta.

Pinkett-Smithek etsipenez begiak itxi eta gero, Will Smith eserlekutik altxatu, eta agertokira igo zen Rocki belarrondokoa emateko. "Utzi nire emaztearen izena zure aho putatik kanpora", oihukatu zion nahas-mahasaren erdian bere aulkira itzulitakoan.