Itxi

Oscarrak 2024

2023ko Oscar sariak

"Cinco lobitos", 2023ko Oscar sarietarako lehian, Nazioarteko Pelikularik Onena izateko

EITB MEDIA

Filma Alauda Ruiz de Azua bizkaitar zinemagilearen opera prima da, eta EITBren parte-hartzea du. "Alcarras" eta "As bestas" dira hautatutako beste bi filmak, eta irailaren 13an emango dute jakitera zein pelikulak ordezkatuko duen espainiar Estatua 95. Oscar sarietan.

  • 'Cinco lobitos' Alauda Ruiz de Azuaren opera prima da

    'Cinco lobitos' Alauda Ruiz de Azuaren opera prima da.

Cinco lobitos, Alauda Ruiz de Azua bizkaitar zinemagilearen opera prima 2023ko Oscar sarietan Nazioarteko Pelikularik Onena kategorian espainiar Estatua ordezkatzeko lehian da; izan ere, Zinemako Espainiako Akademiak hautatu du, Carla Simonen Alcarras eta Rodrigo Sorogoyenen As bestas filmekin batera, lehia horretan egon dadin. EITBren parte-hartzea du, eta irailaren 13an esango dute lehian jarraituko duen.

Cinco lobitos Alauda Ruiz de Azuaren lehen pelikula da. Maiatzean eitb.eus-i, elkarrizketa batean, esan zionez, "naturaltasun, organikotasun eta benetakotasun handiaren bila" egiten du lan.

"Amatasuna eta aitatasuna maila askotako esperientzia da, eta horrek, automatikoki, familia-harremanak, ziklo-aldaketak eta familiako rolak aztertzera eraman ninduen. Hasiera-hasieratik emakume askoren errealitateari buruzko kontakizun zintzo eta fidela egin nahi izan nuen", azaldu du Ruiz de Azuak.

Cinco lobitos duela sei urte sortu zen Ruiz de Azuaren buruan, bere lehen haurra izan zuenean: "Ez da autobiografikoa, baina beti sartzen dut nire esperientzia pertsonaleko zerbait proiektuetan. Konturatu nintzen amatasunaren alderdi batzuetan ez zegoela kontakizunik. Eta hortik familiaz eta gurasoekiko harremanaz gogoeta egitera pauso bat baino ez zegoen", azpimarratu du zuzendariak.

Amaiak (Laia Costa aktorea) seme bat izan berri du eta bere bikotekideak, Javik (Mikel Bustamante), lan egiten duen bitartean ia bakarrik arduratzen da semeaz. Ez du laguntzarik eta itota sentitzen da; beraz, Euskadiko kostaldeko herri txiki bateko gurasoen etxera joatea erabakitzen du, harrapatuta dagoen gurpil zoro horretatik ihes egiteko eta zainketen ardura partekatzeko.