Itxi

Oscarrak 2024

95. edizioa

“Everything everywhere all at once” gailen, Oscarren gauean

N. V. | EITB Media

Zazpi sari irabazi ditu Daniel Scheinerten eta Daniel Kwanen filmak: film onena, zuzendari onena, editatze onena, jatorrizko gidoi onena, eta, interpretazioen atalean, emakumezko aktore, bigarren mailako gizonezko aktore eta bigarren mailako emakumezko aktore onenak.

1:19
Dainel Kwan eta Daniel Scheinert,

"Everything everywhere all at once" film bizi eta bitxiak erabateko nagusitasuna agertu du gaur, Oscar sarien 95. edizioaren galan, eta irabaz zitzakeen hamaika sarietako zazpi bereganatu ditu, besteak beste, zuzendaritza onenarena (Daniel Scheinert eta Daniel Kwan), jatorrizko gidoi onenarena, emakumezko aktore onenarena (Michelle Yeoh), bigarren mailako emakumezko aktorearena (Jamie Lee Curtis) eta bigarren mailako gizonezko aktore onenarena (Ke Huy Quan).

Estatubatuar filmak Evelyn (Michelle Yeoh) AEBetan bizi den etorkin txinatarrak mundua salbatzeko bizi duen abentura basatia kontatzen du, erritmo zoroan. Multibertsoko munduetan galdurik, bere botere berriak erabili beharko ditu galzorian den mundua multibertso horren arrisku bitxi eta ezezagunetatik babesteko.  

Interpretazioen ataleko laukotea Brendan Fraserrek osatu du. Berarentzat izan da gizonezko aktore onenaren saria, "The whale" pelikulan egin duen lanari esker.

1:50

"All Quiet on the Western front" izan da film sarituenen zerrendan bigarrena, lau golardo bereganatuta: argazkilaritza onena, nazioarteko film onena, makillaje eta ile-apainketa onenak eta soinu banda onena.

Aitzitik, esku hutsik joan dira une gogoangarririk apenas utzi duen galatik (musika ikuskizunak eta Ke Huy Quanen hitzaldi hunkigarria soilk nabarmendu dira, gutxi-asko) "The Fabelmans" eta Steven Spielberg berorren zuzendaria, "The banshees of Inisherin", "Elvis", "Triangle of sadness" eta "Tár" eta Cate Blanchett horren protagonista, emakumezko aktore onenaren saria irabazteko faborito nagusia zena.

Oscar sariak

Animaziozko film onenaren saria Guillermo del Toro mexikarrak irabazi du, "Pinocho" lanari esker; gidoi egokitu onena "Women talking" filmarentzat izan da, Miriam Toewsen eleberria zinemara ekartzeko lanagatik; eta "Navalny" Errusian preso dagoen politikariari buruzko lanak irabazi du dokumental onenaren saria.

Ikusi saridun guztien zerrenda

Oscar sarien 95. edizioko irabazleen zerrenda