Itxi

Oscarrak 2024

96. edizioa

Bilbotar robot bat, fisikari, indigena-hiltzaile, panpina eta bestelako izaki gaixoen artean

N. V. | EITB Media

"Robot dreams" Pablo Berger bilbotarraren filma animaziozko film onenaren Oscar saria irabazteko egokieran da, astelehen goizaldean Los Angelesen egingo duten zeremoniara begira. "Oppenheimer", "Poor things", "Killers of the flower moon" eta "Barbie" filmek dituzte izendapen gehien.

  • "Robot dreams" Pablo Bergerren pelikula

    "Robot dreams" Pablo Bergerren pelikula

Robot dreams Pablo Berger bilbotarrak (Blancanieves, Abracadabra, Torremolinos 73) zuzendutako film luzea animaziozko film onenaren Oscar saria irabazteko izendatuta dago. Euskal Herrian astelehen goizaldean jakingo dugu Zinema Arte eta Zientzien AEBko Akademiaren saria Bilbora ekarriko ote duen Bergerrek azkenean, Los Angelesko Dolby antzokiak hartuko duen gala bukatutakoan.

Bergerren filma Sara Varonen eleberri grafiko batean oinarrituta dago, eta Dog Manhattanen bizi den txakur bakartiaren istorioa du kontagai. Egun batean, robot bat, lagun bat, egitea erabakiko du. Lagun hurkoak izango dira biak hortik aurrera, eta 80ko hamarkadako New Yorken gora eta behera ibiliko dira, harik eta udako gau batez Dogek laguna abandonatu beharra izango duen arte.

Cannesko zinema jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatu zuten Robot dreams, eta sariak jaso ditu Annecyko eta Sitgesko jaialdietan, European Film Awards sarietan eta, otsailean, Goya sarietan. Espainiako Akademiaren sarietan, animaziozko pelikula onenaren eta gidoi egokitu onenaren sailetan nagusitu zen. Igandeko galan, baina, oso aurkari gogorrak izango ditu Bergerren robotak, atal berean izendatuta baitaude Spider-Man: Across the Spider-Verse Marvel boteretsuaren filma, Elemental Pixar erraldoiarena, The boy and the heron Hayao Miyazaki japoniar maisuaren pelikula eta Nimona.

Ikusiko dugu zer ebatzi duten Akademiako kideek, beren botoen bidez. Edozer gertatzen dela ere, saritik urrats batera dago orain Pablo Berger, euskal zinemaren hainbat profesional aurretik egon ziren bezala: Alberto Iglesias (lau aldiz izendatuta, soinu banda onenaren sailean), Borja Cobeaga (film labur onenaren sailean izendatuta 2007an) eta Montxo Armendariz (1997an atzerriko film onenaren atalean izendatuta, Secretos del corazón pelikulagatik), esaterako.

Halaber, Maite Alberdi euskal jatorriko txiletar zinemagilea (aitona Soraluzekoa zuen) ere izendatu dute aurten Oscarretara. Dokumental onenaren Oscar sarirako hautagaia da La memoria infinita alzheimerrari buruzko bere istorioa.

96. edizioa

AEBko zinema industriaren sarien 96. edizioaren zeremonia igandean, martxoak 10, egingo dute, 19:00etan hasita (Euskal Herrian, asteleheneko 00:00ak direnean), Los Angelesko Dolby antzokian; ohi baino bi ordu arinago hasiko da, hasiera ordubete aurreratu baitute eta egun horretan ordua aldatuko baitute AEBn.

Aurten, Jimmy Kimmelek gidatuko du zeremonia, laugarrenez, eta hauek dira izendapen gehien jaso dituzten pelikulak: Oppenheimer (Chistopher Nolan), 13; Poor things (Yorgos Lanthimos), 11; Killers of the Flower Moon (Martin Scorsese), 10; eta Barbie (Greta Gerwig), zortzi.

Film izendatuenen artean, iazko beste film azpimarragarri batzuk daude, tartean Maestro (Bradley Cooper) zazpi ataletan izendatutakoa eta Anatomie d'une chute (Justine Triet), The holdlovers (Alexander Payne), The zone of interest (Jonathan Glazer) eta American fiction (Cord Jefferson) bost sari irabazteko hautagaiak.

Izendatutako profesionalen artean ere itzal handiko aktore, zuzendari eta musikariak daude, hala nola Martin Scorsese, Yorgos Lanthimos, Christopher Nolan, Annette Bening, Sandra Hüller, Emma Stone, Bradley Cooper, Cillian Murphy, Emily Blunt, Jodie Foster, Robert De Niro, Robert Downey Jr., Mark Ruffalo, Hayao Miyazaki, Ludwig Göransson eta John Williams.

Absentzia nabarmenak ere badaude izendatuen zerrendan; Greta Gerwig eta Margott Robbie Barbie laneko zuzendaria eta aktore protagonista sarirako lasterketatik kanpo gelditu dira beren sailetan. Halaber, zenbaiten arreta piztu du Napoleon filmak hiru izendapen besterik jaso ez izanak, eta Fallen leaves Aki Kaurismakiren filmak izendapen bat ere jaso ez izana ere deigarria da.