Zinema
Jaialdiak
Zinegoaken hamargarren edizioa heldu da, 85 filmekin
Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Arriaga Antzokian ireki du 10. edizioa. 30 herrialdetako lanak izango dira ikusgai.
Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 10. edizioari hasiera eman diote eta 30 herrialdetako 85 pelikula izango dira ikusgai. Gaël Morelek ohorezko saria jasoko du. "Les roseaux Savages" filmeko protagonista eta "Le Clan" (film luze onenaren saria jaso zuen 2006an) pelikularen zuzendari eta gidoilaria izan zen. Pelikula horiek eta "Notre Paradis" edizio honetan izango dira ikusgai.
Cannes, Sundance eta Berlinaleko jaialdietan ikusgai izan diren pelikulak proiektatuko dituzte Bilbon egunotan. Ira Sachsen "Keep the Lights on", Berlinalen Teddy saria eskuratu zuen pelikula, Xavier Dolan zuzendari kanadiarraren "Laurence Anyways", Madeleine Olneken "Codependent Lesbian Space Alien Seeks Same" eta Katherine Fairfax Wrightek eta Malika Zouhali-Worrallek elkarlanean zuzendutako "Call me Kuchu" ikusgai izango dira, besteak beste.
Euskal zinemak ere tokia izango du, zortzi lanekin: Aiert Goenagaren eta Jon Urrazaren "Morritson eta Gartzia" pelikularen estreinaldia eta Roberto Gastonen "Ander" tartean. Gainera, Joseba Gorordoren "La Otxoa, sin complejos" ere proiektatuko dute eta baita "Folklorikas lesbianas" film laburra ere, "Estereotipoak hausten", "Maskarak" eta "London London" dokumentalekin batera.
Atzerabegirako ziklo berri bat izango da jaialdiaren aurreko edizioetako lan onenekin eta "Txistuaren Showa" deritzona ere: sail honetan, publikoak nahi beste txistu egin dezake pelikula gustatzen ez bazaio. La Fundicion aretoarekin bi antzezlan antolatu dituzte aurten: Daniel Abreuren "Nuevamente ante ti fascinado" eta "Miguel Bonneville #6". Itxiera ekitaldian The Hidden Cameras taldea arituko da.
AlhondigaBilbaoko Golem zinema-aretoetan, Bilborocken, La Fundicionen, Arriaga Antzokian, BBK aretoan eta FAS zineklubean izango dira ikusgai pelikulak.