Itxi

Zinema

Zinemaldia

Goran Paskaljevicekin, hasiera Giza Eskubideen zinemaldiari

Goran Paskaljevicen "When Day Breaks" filmak ireki du Giza Eskubideen zinemaldia, Donostian.

1:28

Goran Paskaljevic zinemagile serbiarraren azken filmak zabaldu du gaur Giza Eskubideen zinemaldia Donostian. "When Day Breaks" pelikula aurkeztuko du zinemaldian.

Paskaljevicek inork baino hobeto erakutsi du 30 dokumental eta 16 pelikularen bidez Balkanetako errealitatea. Lan horiei esker, hainbat sari jaso ditu mundu osoan. Donostiako Zinemaldian ere sari bat baino gehiago eskuratutakoa da. 2010ean, gainera, Epaimahaiaren Presidentea izan zen.

"When day Breaks" filmak istorio hunkigarri bat kontatzen du, gogora ekarriz naziek Belgraden gaur egun ahaztuta dagoen Semlin kanpamentu juduan egindakoak. Bere lagun eta lankide den Philips Davidek garai hartan bizitutako istorioa da.

Zuzendariaren esanetan, holokaustoa bera eta leku horren ezaugarriak ez dira kontutan hartu Jugoslavian eta Serbiako gerraosteko historian.

Zuzendari serbiarrak dio biktimen oroimena beharrezkoa dela ideologia nazian oinarritutako muturreko zenbait talderen ahotsak gero eta ozenago entzuten diren honetan.

Giza Eskubidearen zinemaldiaren XI. edizioa prestatzerakoan zinemaldiko arduradunek arreta berezia jarri dute aurten krisialdi ekonomikoa eta giza arazoen inguruko edukia zuten filmeetan.

16 luzemetrai eskainiko dituzte Sail ofizialean. Horietatik hiru Euskal Herrikoak dira.

Filme laburren sailean 800 aurkeztu ziren eta horietatik 15 izango dira Gazteen Saria eskuratzeko lehian parte hartuko dutenak.

Zinemaldiak urtero ematen duen sari berezia aurten txiletar batek jasoko du.

Filmeez gain mintegiak, solasaldiak, erakusketak etabar eskainiko dira. "Violeta se fue a los cielos" film txiletarrak emango dio amaiera Apirilaren 19an hasiko den jaialdiari.