Itxi

Zinema

Estreinaldiak

Leonardo Di Caprioren 'El gran Gatsby' zinema-aretoetara heldu da

Gainera, "El cosmonauta", crowdfunding bidez sustatutako lehen pelikula, "Marea Letal" eta Rob Zombieren pelikula berriena estreinatu dituzte.

1:20

20ko hamarkadako New York pantaila handira heldu da "El gran Gatsby" pelikularekin. Asteko estreinaldi garrantzitsuena da eta "Marea Letal" eta "El cosmonauta" (Sarean sustatutako lehen pelikula espainiarra) lanen aurka egin du.

Aberatsen eta aristokraten munduan murgildu da "El gran Gatsby". Nick Carraway idazlea (Tobey Maguire) New Yorkera iritsi da, 20ko hamarkadako dekadentzia moralak, jazzak, eta alkoholaren mafiek hartutako hirira: hori da pelikularen argumentua. F. Scott Fitzgeralden eleberrian oinarrituta, Baz Luhrman australiarrak zinema-aretoetara eraman du. Gatsby (Leonardo Di Caprio): garaiko aberatsetako bat da, eta, jai askotan parte hartzen duen arren, ezin du gaztetako bikotekide bat ahaztu.

1975an, Ilargira heldu zen lehen kosmonauta errusiarrak ez zuen bueltatzea lortu. Hortik abiatuta, zientzia-fikziozko thriller bat sortu du Nicolas Alcalak "El cosmonauta" lanean. Irrati bidezko hainbat mezu bidaltzea lortu du: Lurrera itzuli da, baina han ez dago inor. Crowdfunding bidez egindako Espainiako lehen pelikula da, eta azken lau urteotan 5.000 lagunek baino gehiagok eman dute laguntza pelikula egin ahal izateko. Madrileko eta Bartzelonako zinema-aretoetan estreinatuko dute, eta, aldi berean, Interneten, bideoan eta ordainpeko telebistan.

"La última isla" lanean, Dacil Perezek 10 urteko ume baten istorioa jaso du: uda batean, uharte galdu batera eraman dute izeba zaintzera. Bertan ez du telebistarik, eta irudimena erabilita pasatu beharko du denbora. Dragoiak, zinginarriak eta ipuinak daude pelikula honetan, mundu magiko batean.

Heidik (Sheri Moon Zombie) irrati-kate batean lan egiten du, eta hainbat "flashback" izaten ditu disko bat entzuten duen bakoitzean: garai bateko Salemera eramaten du bere buruak. Rob Zombie rock musikaren ikonoa zinemara itzuli da "The Lords of Salem" Torontoko 2012ko zinemaldian aurkeztu zuen lanarekin.

Marrazo zuri baten erasoa jaso eta bederatzi urtera, 60 urte inguruko aberats baten diru-eskaintza onartu du Katek (Halle Berry), eta, ondorioz, Jeff berriz ikusiko du: abentura horretan lagunduko du mutil-lagun ohiak. John Stockwellek zuzendu du "Marea Letal" lana, eta Olivier Martinez eta Ralph Brown aktoreek lan egin dute.

"El pais de Ali" pelikulan, Nadia de Santiago aktoreak hartu du parte. Maitemindutakoan, Aliren inguruko guztia aldatuko da: hazi egin beharko du, Alicia izateko. Veronica Forquek, Adrian Lamanak eta Angy Fernandezek hartu dute parte Paco R. Bañosen pelikula honetan. Malagako zinemaldian aurkeztu zuten.

Tony Gatlifen dokumental berri bat heldu zaigu Frantziatik. 2011n Europa osoan izan ziren protesta mugimenduak ditu aztergai fikzioa eta dokumentala nahasten dituen pelikulak, eta musikak paper handia du. Madril, Paris eta Greziako matxinadak dira protagonista, etorkin ilegal baten begiradatik.

Jojoren bizitza bere gurasoenak markatu du. Ama abeslaria da eta country talde batekin biran dago, eta aita ez da une ona igarotzen ari. Jojok txori bat zainduko du, familiak jakin gabe. 2012an, Europako Zinema Sarietan saritu zuten "Kauboy", umeentzako Boudewijn Kooleren drama.