Itxi

Zinema

Zinemaldia

Leonardo Di Caprio, Canneseko jaialdia zabaltzeko

Frantziako hiriak hasiera eman dio bere zinemaldiari. Coen anaiak, Roman Polanski, Ryan Gosling, Marion Cotillard, Michael Douglas eta Emma Watson izango dira, besteak beste.

1:37

Cannes zinemaldiaren 66. edizioak ateak ireki ditu. Scott Fitzgeralden klasikoaren bertsio bat da "The Great Gatsby", eta Leonardo DiCaprio eta Carey Mulligan ditu protagonista. Lan horrekin eman diote hasiera jaialdiari.

Baz Luhrmannen lanak musika eta ikuskizuna eraman ditu Cannesera eta bikote protagonistak ikusmira handia sortu du. Croisetteko ibilbidea pelikulako kartelez beteta dago, aktoreak 20ko hamarkadako pertsonaiak bezala ageri direlarik. Lehiaketaz kanpo aurkezten dute eta jaialdiaren edizio honi hasiera eman diote: zinema berri asko izango da, baina baita klasikoen berrikusketak ere, "Vertigo" eta "Plein soleil", adibidez. Kim Novak eta Alain Delon, pelikula horietako protagonistak, Cannesen izango dira jaialdiak zinema klasikoari ematen dion omenaldia jasotzeko.

Halere, omenaldi beroena Jerry Lewis komikoarentzat izango da: 97 urte ditu eta "Max Rose" lan berria aurkeztuko du Cannesen.

Lehiaketara doazen pelikulei dagokionean, ostegunean François Ozonen "Jeune et jolie" eta Amat Escalante mexikarraren "Heli" helduko dira. Sofia Coppola ere bertan izango da, Emma Watsonekin batera, "The bling ring" aurkeztera, "Un Certain Regard" sailean. Gero, Coen anaien, Roman Polanskiren, Alexander Payneren, Asghar Farhadiren eta Nicolas Winding Refnen film berriak helduko dira, lehiaketa barruan.

Izar handiak ere Cannesko zinemaldian izango dira: Marion Cotillard, Ryan Gosling, Matt Damon, Michael Douglas, Benicio del Toro, Justin Timberlake eta Emma Watson, besteak beste. Epaimahaiari dagokionean, sail ofizialean Steven Spielbergek zuzenduko du eta besteak beste Nicole Kidman, Ang Lee, Christoph Waltz eta Cristian Mungiu izango dira.