Zinema
Jaialdia
Veneziako Mostra, erreferentzia izaten jarraitzeko borrokan
21 film arituko dira ostegunetik aurrera Urrezko Lehoia irabazteko lehian. Nola ez, izar handiak ere gondolan ikusiko ditugu egunotan.
Veneziako Mostraren 70. edizioa martxan da. Pelikula iparamerikarrek izango dute indarra: 21 arituko dira aurten lehoia irabazteko lehian. Izar handiak ere gondola artean arituko dira: George Clooney eta Sandra Bullock izango dira alfonbra gorria zapaltzen lehenak.
Veneziak lortu du indar handiko Sail Ofiziala osatzea. Film iparamerikarrek izango dute bultzada berezia. Hemen hasten dute askok datozen sarietarako promozioa.
Terry Gilliam, James Franco, Matt Damon, Zac Efron eta Scarlett Johansson izango dira, besteak beste: zinema ona eta glamourra izango da.
"Gravity", Alfonso Cuaron mexikarraren lanak zabalduko du Mostra, lehiaketatik kanpo. Espazioko thrillerra, biziraun nahian Sandra Bullock eta George Clooney. Urriko estreinaldira arte itxaron beharko dugu gainontzekoek pelikula ikusteko.
Veneziak 70. urteurrena ospatuko du, munduari erakutsi nahian goimailan jarraitzen duela eta Torontok ez diola itzalik egin, Europan estreinatzeko gastua murrizteko joeran baitabiltza pelikula asko. Lido inguruan azken ukituak ematen, alfonbra gorria jartzen, 3.000 kazetari hara eta hona, bizikletan.
Sail Ofiziala ikusten ostegunean hasiko dira eta bada zer ikusi. Mostrako zuzendariak dio film handiak eta espresio modu erradikalenak erakutsiko dituztela: sexu, inzestu espazioa, Kennedy, alienak, gai asko eta 3.000 film ikusi dituzte aukeratzeko. Izarrak, berriz, aurrekoetan baino gutxiago, Espainiako ekoizpenik bat ere ez, Cannes eta Berlinen bezala. Bernardo Bertoluccik zuzenduko du epaimahaia irailaren 7ra arte: 11 zinema egun bete aurretik.