Zinema
Jaialdia
Zinebiri hasiera, Díaz Yanesi omenduz
Sail Ofizialean aurten 67 filmek hartuko dute parte, Zinebi Sari Nagusia irabazteko eta hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehian.
Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 55. edizioa hasiko da gaur Arriaga Antzokian, 20:00etan, Sail Ofizialaren barruan lehiatzeko aurkezten diren zortzi euskal film laburrak proiektatuz eta zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat Agustin Díaz Yanes zinemagile espainiarrari emanez.
Sail Ofizialean aurten 67 filmek hartuko dute parte, Zinebi Sari Nagusia irabazteko eta hiru generoetarako (fikzioa, dokumentala eta animazioa) Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehian.
Bilbon gehienbat eta Bizkaian oro har 1983ko abuztuan jasandako uholdeen 30. urteurrenaren oroitzapeneko ekitaldiekin bat egingo du. Horrela, ostiral arratsaldean, 19:00etan, Zinebiren 55. edizioa inauguratzeko ekitaldia izan baino ordubete lehenago, hasi eta 21:00ak arte (ekitaldia larunbatean eta igandean errepikatuko da, ordu berean), itsasadarreko ura, Arriaga Antzokiaren parean, pantaila natural erraldoi eta ikusgarria bilakatuko da, eta pantaila horren gainean, ordu horietan, ospakizun garrantzitsu bi horiekin erlazionatutako irudiak proiektatuko dituzte.
Horrela, batetik, lehorteek eta beste fenomeno meteorologiko larri batzuek Hirugarren Munduko biztanle behartsuen artean duten eragin dramatikoa ikusi ahal izango da, eta, bestetik, Pedro Olea zinemagile bilbotarrak 1985ean filmatutako Bihotzez film laburra ere proiektatuko da, urak Bilbon eragindako hondamendiaren lekukotza bisuala. Amaitzeko, eta jaialdiarekin berarekin erlazionatuta, aurreko edizioetan Euskal Zinearen Sari Nagusia irabazi zuten film laburren irudiak ikusi ahal izango dira.
Proiekzioa horretarako berariaz prestatutako ekipo teknikoa baliatuz egingo da, Naxako geltoki zaharretik. Ikuskizunak ikus-entzuleen eta Areatzan dauden pertsona guztien oroimenak biziberrituko ditu, Zinebiren 55. edizioak dirauen bitartean, asteburu osoan.