Itxi

Zinema

Ikus-entzunezkoak

FIPA jaialdia abian da Biarritzen

Erredakzioa

FIPA ikus-entzunezkoen Biarritzeko jaialdiaren 27. edizioa abian da astearte honetatik. Ikus-entzunezkoen industriaren egoerari begiratuko diote lapurtar herrira bertaratutakoek.

  • Francois Sauvagnargues, Jose Luis Rebordinos eta Joxe Portela. Argazkia: FIPA.

    Francois Sauvagnargues, Jose Luis Rebordinos eta Joxe Portela. Argazkia: FIPA.

FIPA ikus-entzunezkoen Biarritzeko jaialdiak ateak ireki ditu, eta hilaren 25era arte jardungo dira parte-hartzaileak ikus-entzunezkoen egoera aldagarriari begira. Hiru aldetatik begiratuko diote ekoizpenari: transmedia ikuspegitik, industriaren ikuspegitik, programa ofizialean txertatuta lehenengoz, eta alde artistikotik, noski.

Ohiko nazioarteko lehiaketatik harago, antolatzaileek ikuspegi zabalagoko apustua egin dute 27. edizio honetarako.

Smart Fip@ sail berrian, transmedia proiektuei begiratuko diete. Ostegun eta ostiralean, FIPAren egoitza nagusian, Bellevuen, joera berrienak eta euskarri baterako baino gehiagotarako pentsatutako proiektuak aztertuko dituzte.

FIPA Industry saila estreinatuko dute aurten, gainera. Profesionalei begira egindako atala da, eta industriako ekintzaileek harremanak estutzea bilatuko dute bertan.

Esparru artistikoari dagokionez, 25 herrialdetako hirurogeita lau lanek parte hartuko dute sail ofizialean, sei atal hauetan: fikziozko lana, telesaila, dokumentala, erreportajea, musika eta ikuskizunak, eta Smart FIPA.

Nazioarteko topaketa hau ikus-entzunezko ekoizpenen industriako kideen topagune ezinbestekoa da, eta, esaterako, telebistako 120 saiok izango dute ordezkaritza bertan.

Iaz, 2.000 profesionalek parte hartu zuten FIPAn, eta 27.000 pertsona bertaratu ziren proiekzioetara.

Hitzarmena, Donostiako Zinemaldiarekin

Donostia Zinemaldiak, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Biarritzeko FIPA Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiak ikus-entzunezko industria sustatzeko lankidetza hitzarmena adostu dute.

Hiru erakundeetako ordezkari nagusiak izan dira akordioa sinatzeko ekitaldian: Francois Sauvagnargues, FIPAko zuzendari nagusia; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Joxe Portela, IBAIAko lehendakaria. Hiru erakundeek 2007an hasitako lankidetza konpromisoaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko du akordioak, urte hartan sinatu baitzuten harreman esparru berri hau indartzeko oinarriak jarri zituen lehen hitzarmena.