Zinema
56. edizioa
Izena emateko epea zabaldu du Zinebi jaialdiak
Abuztuaren 15era arte izango da zabalik izena emateko epea. Jaialdiaren 56. edizioa azaroaren 14tik 21era egingo dute.
-
Zinebi 2013. Argazkia: EITB
Martxan da Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldia, eta izena emateko epea abuztuaren 15era arte ireki dute. Fikziozko lanak, animaziozkoak eta dokumentalak jasoko dituzte datorren edizioan, azaroaren 14tik 21era, emateko.
Jaialdiaren antolatzaileak, Bilboko Udalak, azaldu duenez, aurkeztutako lanek ezin dituzte 45 minutu baino gehiago izan.
Jaialdiaren antolatzaileek epaimahai bat izendatuko dute, eta hainbat sari emango dituzte: Bilboko Jaialdiaren Sari Nagusia (7.000 euroko diru-sariarekin), Euskal Zinemaren Saria (5.500 euro), Espainiako Zinemaren saria (5.500 euro) eta Latinoamerikako Zinemaren saria (4.000 euro).
Parte hartu nahi dutenek inprimaki bat bete behar dute, lanari buruzko informazioa emanez, eta pelikularen kopia bat igorri (DVD zein formatu digitalean) helbide honetara: Colon de Larreategi kalea, 37, 4.a, eskuma. 48009 Bilbao (Spain). Lanak jaialdiaren webgunean ere aurkeztu daitezke.