Itxi

Zinema

Goya irabazi eta gero

Raul de la Fuente, bere proiektu berrian buru-belarri berriz

Erredakzioa

"Minerita"ri esker film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi eta gero, nafarrak Angolan kokatutako film luze batean lanean dihardu; 3Dko animazioa eta benetako irudiak nahasiko ditu bertan.

  • Raul de la Fuente (bigarrena eskubitik hasita), lankideekin, Goyen galan. Argazkia: Efe.

    Raul de la Fuente (bigarrena eskubitik hasita), lankideekin, Goyen galan. Argazkia: Efe.

Raul de la Fuente Untzitin da berriz, "Minerita" dokumentalari esker Madrilen Goya irabazi eta gero, eta lan berria du esku artean: 3Dko animazioa eta benetako irudiak nahasiko ditu bi urte barru estreinatu nahi duen film luzean.

De la Fuentek adierazi duenez, Goya sariek ez dute dirurik ematen, baina bai, ostera, "Akademiako kideen oniritzia", eta, hori "berez ezer ez bada ere, gure hurrengo proiektuetarako bermea da".

"Un día más con vida" film luzea egiten dihardu De la Fuentek, Ryszard Kapuscinski poloniar kazetariaren izenburu bereko liburu batean oinarrituta: erreportariak Angolan, 1975eko gerra zibila hasi aurretik, bizitakoak kontatuko ditu pelikulak.

"Minerita" egiteko Bolivian egon eta gero, De la Fuentek eta bere laguntzaileek ez zuten duda-mudarik egin Angolara joateko. Han, pelikularako irudiak hartu zituzten eta Kapuscinskiren liburuan ageri diren pertsonaiak bertatik bertara ezagutu zituzten.

"Herrialde zaila da Angola", esan du, "oso handia eta mina asko dituena", baina De la Fuenta "irrika bizian" dago pelikula filmatzen hasteko.

De la Fuenteren esanetan, proiektu "oso handia da", eta Espainiaren, Poloniaren, Alemaniaren, Belgikaren eta Europar Batasunaren laguntza izan du finantzatzeko. Egitasmo "zail" honetan, 2009an hasi zen beharrean, eta burutzeko oraindik urte pare bat behar duela uste du nafarrak.

"Un día más con vida" egiteko prozesua horren luze doanez, "Minerita" eta beste film labur batzuek "atsedena" ekarri diote. "Minerita"n (Clemont-Ferrandeko zinemaldian parte hartu du berriki), Boliviako meategietan emakume langileak nola aritzen diren erakutsi du De la Fuentek, 27 minutuan.

Ander Izaguirre kazetariaren bidez jaso zuen Goya saridunak emakume horien berri, eta berehala sentitu zuen "pantaila handira eramateko bultzada".

"Minerita"k bere bidea egiten jarraitzen du Goyaren ostean ere, eta Hungarian eta New Yorken erakutsiko dute laster. ETBk ere emango du.