Itxi

Zinema

'Rey gitano'

Karra Elejalde eta Rosa María Sardá, Bajo Ulloaren hurrengo filmean

Erredakzioa

Zuzendariak komedia bat egingo du, "Airbag"en ostean lehenengoz. "Road movie"a izango da: Manuel Manquiña eta Karra Elejalde izango dira protagonistak, eta Rosa María Sardá, istorioko gaiztoa.

Juanma Bajo Ulloak bere hurrengo lanean parte hartuko duten hainbat aktore aurkeztu ditu Malagako Zinemaldian. "Rey gitano" filmean, Manuel Manquiña, Karra Elejalde eta Rosa María Sardá aktoreek parte hartuko dute.

Hala ere, Kike Mesa eta Dylan Moreno ekoizleak ondoan zituela, Bajo Ulloak esan du antzeztalde zabala izango duela, eta, ondorioz, "aurpegi ezagun asko egongo dira, baita horren ezagunak ez diren beste asko ere". Gainera, kolaborazioak ere egongo omen dira "Rey gitano"n.

Halaber, oraindik ez dute aktoreen zerrenda itxi, eta gizonezko baten eta emakumezko baten bila ari da oraindik Bajo Ulloa, kazetarien aurrean azaldu duenez. Manuel Manquiña eta Karra Elejalde protagonistak izango dira, eta "pelikulako gaiztoarena" Rosa María Sardák egingo du. Nolanahi ere, bere istorioetan "onik eta gaiztorik" ez dagoela azaldu du zuzendariak, "denak zorigaiztoko hutsak baitira".

"Filma road moviea da, eta zerbaiten bila ari diren pertsonaiak erakusten ditu", Bajo Ulloak azaldu dienez, eta "boterean ezarritakoaren kritika izango da; botere horrek ez dauka zertan monarkia izan: pairatu, mantendu edo gozatu behar dugun horietako bat da hori", argitu du.

Filmak "espainiarrak nolakoak garen azaldu nahi du, zelan pairatzen dugun botere politiko hori, zeinak korporazio handiekin, Europarekin eta monarkiarekin zerikusia baituen".

Filmatze lanak

Filmatzeko datei buruz, zuzendariak udan hasteko asmoa du, baina finantzazioa erabat itxi eta aktore gehiago aurkitu behar ditu oraindik. Euskal Herrian, Madrilen eta Malagan egin nahi ditu filmatze lanak.

Bajo Ulloak askotan "Airbag"en bigarren zatia egitea proposatu diotela kontatu du, "baina inoiz ez dut neure burua hori egiteko gai ikusi, nahiz eta zenbaitentzat egin beharrekoa zen. Arrazoi ekonomikoa besterik ez zegoen filma egiteko, eta beste zerbait behar nuen", esan du.