Zinema
Donostia
Guédiguian sarituko dute Giza Eskubideen Zinemaldiaren hasieran
Ostiral honetan hasiko da jaialdia, Srdan Golubovicen "Circles" pelikularekin eta 11an emango diote amaiera, Hany Abu-Assaden "Omar" lanarekin.
-
Robert Guédiguian zuzendaria. Argazkia: Stephanie Braunschweig.
Robert Guédiguian zuzendari frantziarra omenduko dute Donostian, Giza Eskubideen XII. Zinemaldian. Ostiral honetan, apirilaren 4an, hasiko da jaialdia, Srdan Golubovicen "Circles" pelikularekin, eta 11n emango diote amaiera, Hany Abu-Assaden "Omar" lanarekin.
Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak esan duenez, Robert Guédiguian Marseillako zinemagileak "nortasuna duen Europako zinemak eman duen onenetarikoa da, ideien koherentziaz eta printzipioz", eta "emozioaren eta diskurtsoaren arteko oreka" mantentzen du.
"Marius et Jeannette" (1997), "À l'attaque!" (2000), "La ville est tranquille" (2000), "Marie-Jo et ses deux amours" (2002) eta "Les neiges du Kilimandjaro" (2011) film esanguratsuak egin ditu.
Guédiguianek Marseillako L'Estaque auzoan filmatzen ditu ia pelikula guztiak, eta ia beti aktore berekin. Giza Eskubideen Zinemaldiko bozeramaileen arabera, ezer ez dutenen bizitza kontatzen duen kronista da.
Eguneko emanaldiak
16:00etan, "A l'attaque" Robert Guédiguianen beraren filma ikusi ahalko da, 'Europako Zinema' sailean: krisiaren hainbat faktoreren gaineko hausnarketa proposatzen du: deslokalizazioa, langabezia...
19:30ean, "Circles" emango dute, Balkanetako gerrak ireki zituen zauriek zabalik jarraitzen dutela erakusten duen lana.
Iluntzean, 22:30ean, "Où je mets ma pudeur" film laburra, islamdarren hijab-a hizpide hartuta hausnarketa proposatzen duena, eta "Gabrielle" Louise Archambaulten film kanadarra emango dituzte. Muga pertsonalak eta autonomia du hizpide, testuinguru musikal batean.
Emanaldiok Victoria Eugenia antzokian izango dira.