Publizitatea
Itxi

2014/10/16

11:50

Zinema

'Lasa eta Zabala'

Pablo Malo: 'Oroz gaindi, zintzo jokatu dugu, manikeismotik aldenduta'

Natxo Velez | eitb.eus

“Lasa eta Zabala” filma ostiralean estreinatuko da zinema aretoetan, Zinemaldian izan eta gero. Pablo Malok luze eta zabal hitz egin digu istorioaz.

1:34
Lasa eta Zabala
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

“Lasa eta Zabala”, bi euskal gazteen bahiketa, hilketa eta jaso zituzten torturak kontatzen dituen filma, zinemetara helduko da ostiralean.

Pablo Malo zuzendari donostiarra arduratu da proiektua zuzentzeaz, eta, alboan, Unax Ugalde, Francesc Orella eta Jon Anza eta Cristian Merchan aktore gazteak izan ditu, besteak beste.

Malok istorio gogor eta labaina pantaila handira eramateko lanari nola aurre egin dioten kontatu digu, eta filmean “pertsonaia bakoitzak bere ekintzen bidez” hitz egiten duela azaldu du. Gai irristagarriaren aurrean, egitasmoari aurre egin behar ziola jakindakoan, ingurukoek, zoriondu barik, “doluminak” ematen zizkiotela esan digu.

Zein motibazio dago pelikularen atzean? Zein mezu utzi nahi du lanak?

Joxe Portela ekoizlearen bitartez heldu zitzaidan proposamena; denbora askoan izan dute buruan Portelak eta Joanes Urkixo gidoilariak ideia hori bueltaka.

Motibazio nagusia beti izan da bat: kontatu duguna bezain istorio delikatua errealitatean gertatu zenarekin fidel jokatuta polizia thriller baten gisan kontatu ahal dela agerian utzi nahi genuen eta, gainera, pelikulak bere horretan ikuslea erakartzeko ahalmena izatea ere bazen gure helburua.

Mezua ere hasieratik izan genuen argi. Basakeria handia izan zen hura, eta ez ditu ez ahazten ez bazter batean utzi nahi urte hauetan guztietan herri honetan egin diren ehunka basakeriak. Gainera, film honek abiapuntu ere izan nahi du, hitz egiteko eta elkarrizketa zabaltzeko aitzakia bat, ahal den neurrian, oinarrizkoan ados jartzeko: inoiz ez dadila horrelakorik berriz gertatu.

Nolakoa izan zen dokumentazio lana? Horren material labaina izanik, kanpo presiorik izan zen pelikularen inguruan?

Hasieratik, bagenekien ezin ginela sumariotik aldendu, izen-abizenak eman nahi bagenituen. Gaia alde guztietatik manipulatu eta erabiltzeko modukoa denez, sumario hori eduki behar genuen ardatz, eta horren inguruan eraiki genuen istorioa: euskarri gisa erabili genuen. Horrez gain, gaiaren inguruko artikulu eta bideo andana bat dago, eta pertsonaiak definitu eta aktore talde ahalik eta finena bilatzeko erabili genituen.

Gero, urtebetez, istorioan sartuta egon zen, bertan parte hartu zuen edo lehen eskutik ezagutu zuen jende askorekin hitz egin dugu.

Presioei dagokienez, ez da presio jakinik egon: gaur egun, gizartea jakitun da gure historia kontatuz joan behar dugula eta hau guztia herri baten iraganaren parte dela. Hori bai: pertsona batzuk gerturatu egin zitzaizkigun, gaiari zer ikuspuntu emango genion jakiteko, zer eta nola kontatu behar genuen esan geniezaien.

Istorio nagusitik urruntzen gintuzten gauza asko kanpoan utzi behar izan genituen, nahiz eta fikziozko kontakizunak sortzeko bikainak izango ziren. Baztertu egin behar izan ditugu, oraingoz.

Zer alde dago benetako gertakari bat eta fikziozko istorio bat kontatzearen artean?

Istorioarekiko eta kaltea zuzenean pairatu dutenekiko, hots familiekiko, errespetua. Gainera, bagenekin ez ginela ia bi urtez lanean egongo inork filma beste norbaiten edo beste zerbaiten aurka erabiltzeko. Bagenekien, halaber, sentimendu ezberdinetako jendeak goitik behera aztertuko zuela istorioa, eta horregatik, oroz gaindi, zintzo jokatu dugu, manikeismotik aldenduta, gertatu zena kontatzeko.

Filmatze lanetan ere, parte hartzen ari ginen guztiok errespetu sakonez jardun ginen, istorioaren gogorra gorabehera, jendeak hori guztia ikustea merezi duela jakinik, ez daitezen ahanzturan jausi ez istorio hau ez herra, sufrimendua eta muturreko mina protagonista izan dituzten beste istorio asko. Nahiago nuke horiek ere berandu baino lehen grabatuko balira!

Nolakoa izan zen Zinemaldiko harrera? Zein mezu helarazi dizkizuete filmaren arduradunei gertakariekin zerikusia izan zutenek pelikula ikusitakoan?

Harrera amestutakoa bezalakoa izan zen: sarrerak ordubetean amaitu ziren, egundoko ikusmina sortu zen eta harrera intentsitate handiz bizi izan genuen; izan ere, pelikulak, gertakari politikotzat hartua izanagatik, bere burua defendatu zuen, beregaina izan zen, eta Sail Ofizialean sartu izanak soilik gure lana balioztatu zuen. Ez dugu ahaztu behar martxo erdialdean filmatzen ari ginela oraindik; beraz, prozesu bizi-bizia izan da, baina atsegin handiz burutu dugu.

Urte hauetan guztietan istorio honetatik gertu egon diren pertsona guztiek esker onez eta minez bizi izan dute: esker onez, kontatu egin dugulako, eta minez, bere bizitzan arrastoa utzi duen zerbait pantailan ikusteko kolpea jaso dutelako. Baina badakigu, gisa berean, pelikula honek urteak joan urteak etorri gertatutakoa ahaztea galaraziko duela eta ondorengo belaunaldiak arbasoek bizi izan zuten istorio honetara eta beste batzuetara gerturatu ahalko direla.

Zelan jokatuko du, zure ustez, gertakari hauen testuinguru historiko eta politikotik kanpo dagoen publikoak filmaren aurrean?

Hori da, seguru asko, pelikularen erronketako bat: guregandik urrun dauden herrietan filma interesgarria izatea, ez bakarrik gure herrian urte horietan izandako istorio izugarri bat den neurrian, baizik eta maila pertsonalagoan, bi gazte basakeria hori pairatzen erakusten dituelako.

Zinema irlandarrak eta ingelesak, adibidez, indarkeriaren inguruko istorioak esportatu izan dituzte, eta gure zinema aretoetan estreinatu direnean zirrara eragin dute; zergatik ez du gureak zirrara bera eragingo herrialde horietan erakusten dutenean? Are gehiago, proiekzioaren biharamunean, nazioarteko hiru jaialdiren arduradunak ekoizle edo banatzailearekin harremanetan jarri nahian aritu ziren, bertan kontatu genuenak hunkituta, bere herrialdeetara eramateko asmoz.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena