Itxi

Zinema

Jaialdia

Zinebik 56. edizioko oihala altxatuko du

Erredakzioa

Cecilia Roth eta euskal film laburrak izango dira lehen jardunaldiko protagonistak. Gainera, jaialdian zehar Hirokazu Kore-eda zuzendaria eta Alex Angulo aktorea zena ere omenduko dituzte.

1:31

Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Bilboko Nazioarteko Jaialdiaren 56. edizioak ateak zabalduko ditu ostiral honetan, azaroaren 13an, Arriaga antzokian, Sail Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak eskainiko dituzte bertan, eta Cecilia Roth antzezle argentinarrari Ohorezko Mikeldia emango diote.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, 65 filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako (fikzioa, dokumentala eta animazioa) Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko asmoz. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, euskal zinemagileek egindako zazpi daude, eta Bilboko ikus-entzuleek ostiralean ikusi ahal izango dituzte.

Asier Altunaren "Soroa" (fikzioa), Lander Camareroren "A serious comedy" (fikzioa), Aitor Guitérrezen "Anómalo" (fikzioa), Ibon Antuñanoren "Peter Hollywood" (dokumentala), María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxoren "Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa" (dokumentala), Koldo Almandozen "Hubert Le Blonen azken hegaldia" (animazioa) eta Gregorio eta Mikel Muroren "Tempo inverso" (animazioa) dira zazpi euskal filmak.

Zinebik azaroaren 21ean jakinaraziko ditu ondoko sari hauen irabazleak: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia, Euskal Zinearen Sari Nagusia, Espainiar Zinearen Sari Nagusia, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusia eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.

Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere ditu: Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Film Hoberenarentzako ematen duen Saria, 1.200 euro dituena eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean euskararen erabilera sustatu nahi duena; SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei ematen dieten Saria, 1.500 eurokoa; eta Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurokoa. Sari ekonomikorik ez duten arren, haurtzaroari buruzko film hoberenaren Unicef Saria eta Sail Ofizialeko film labur hoberenaren FAS Zineklub saria ere banatuko dira.

Halaber, zinemagintzako hiru izar handi omenduko ditu aurten: Cecilia Roth aktore argentinarrak eta Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak Ohorezko Mikeldi sari bana jasoko dute, eta Alex Angulo aktore bizkaitarra zenari Ohorezko Mikeldia eskainiko diote.

kainiko diote.