Zinema
Kataluniako zinema sariak
'10.000 km' filma nagusitu da Gaudi Sarietan, bost golardo eskuratuta
Erredakzioa
'Rastres de Sandal' filmak pelikula onenaren saria lortu du, eta 'El Niño' lanak, berriz, zazpi sari eskuratu ditu (15 ataletan izendatuta zegoen).
Carles Marques-Marcetek zuzendutako '10.000 km' filma nagusitu da Gaudi sarien VII. edizioan, zortzi izendapenetatik bost golardo lortuta. Kataluniako Zinema Akademiak eskainitako golardoak dira. Sari-banaketa igande gauean egin dute, Bartzelonako Sant Jordi klubean.
Marques-Marceten lanak honako sari hauek lortu ditu: katalana ez den hizkuntzan egindako film onenarena, zuzendari onenarena, gidoi onenarena, gizonezko aktorerik onenarena (David Verdaguer) eta emakumezko aktorerik onenarena (Natalia Tena).
Marques-Marcetek senide eta taldekideei eskaini die saria. "Elkar maite arren elkarrengandik urrun dauden bi lagunen gaineko istorioa da?, azaldu du zuzendariak, eta ?elkar maite arren elkarrengandik urrun egon beste aukerarik ez duten lagunei eskaini nahi diet pelikula".
Maria Ripollek zuzendutako 'Rastres de Sandal' filmak, berriz, pelikula onenaren saria irabazi du (guztira, zortzi izendapen zituen).
Bestalde, 'El Niño' filmak 15 izendapen zituen eta zazpi sari eskuratu ditu: ekoizpen-zuzendaritzarik onenarena (Edmon Roch eta Toni Novella), antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenarena (Barbara Lenie), antzeztaldeko gizonezko aktorerik onenarena (Eduard Fernandez), editatzerik onenarena (Mapa Pastor), jatorrizko musikarik onenarena (Roque Baños), argazkilaritzarik onenarena (Carles Gusi) eta soinu grabaziorik onenarena (Sergio Burmann, Oriol Tarrago eta Marc Orts).
Sari jasotzean, Eduard Fernandez erratu egin da. "Goya sari hau eskaini nahi nioke? (Honek zeresan handia emango du!) nire alabari. Eskerrik asko eta barkatu!", esan du agertokitik alde egin aurretik.
Gainerako saridunak
Bestalde, Lluis Miñarrok zuzendutako 'Stella Cadente' filmak 13 izendapen zituen eta bi sari besterik ez du eskuratu: jantzi-diseinurik onenarena (Merce Paloma) eta arte-zuzendaritza onenarena (Sebastian Vogler).
Film dokumental onenaren saria Sebastian Alfiek zuzendutako 'Gabor' filmari eman diote, film labur onenarena 'El Corredor' lanari eman diote (Jose Luis Montesinosek zuzendu du), eta animazio filmik onenarena Javier Fesser zinemagilearen 'Mortadelo y Filemón contra Jimmy El Cachondo' lanak jaso du.
Jaume Balaguerok zuzendutako '[REC 4]: Apocalipsis' filmak bi golardo lortu ditu: efektu berezirik onenen saria (Alex Villagrasa, David Ambit, Lucia Salanueva, Lluis Rivera eta Josep Claret) eta makillaje eta ile-apainketarik onenarena (Alma Casal eta Elena Perez).
Telebistako pelikularik onenaren saria 'Descalç sobre la terra vermella' filmak jaso du, eta Europako filmik onenarena Paolo Sorrentinok zuzendutako 'La grande bellezza' pelikulari eman diote.
Lara eta Baro gogoan hartu dituzte
Ekitaldian zehar, Kataluniako Zinema Akademiak bi bideo eskaini ditu, hil berri diren Jose Manuel Lara Planeta taldeko presidentea eta Amparo Baro aktorea omentzeko.