Zinema
Martxoaren 6tik 15era
'Loreak' filma Guadalajarako Zinemaldian lehiatuko da, Mexikon
Erredakzioa
Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren pelikula fikziozko film luzeen sailean arituko da, beste 14 pelikularekin batera.
-
'Loreak' filmearen kartela. Argazkia: EiTB
Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filma Guadalajarako Nazioarteko Zinemaldian lehiatuko da, fikziozko film luzeen sailean, beste 14 pelikularekin batera. Martxoaren 6tik 15era bitartean izango da jaialdia, Guadalajaran (Mexiko), Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
Arrakasta handia lortu du Garañoren eta Goenagaren lanak. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen (euskara hutsean filmaturiko lehen filma izan da bertan lehiatzen), eta Goya sarietan film onenaren saria jasotzeko lehiatu den euskarazko lehen filma da.
Pascal Gaigne musikagilearen soinu banda ere hautatu dute Goya sarietan, jatorrizko musika onenaren sarirako, eta BFI London Film Festival, Zurich Film Festival eta Tokyo International Film Festival jaialdietan ere izan da.
Guadalajarako Zinemaldiak aurretik ere hartu du euskal filmerik, Etxepare Euskal Institutuak urteak eman baititu jaialdiarekin elkarlanean euskal lanak bertan erakusten. Iazko edizioan, esaterako, Una esvástica sobre el Bidasoa (Alfonso Andres eta Javier Barajas) egon zen ikusgai.