Itxi

Zinema

Donostia 2016

'Kalebegiak' pelikula filmatzeko lanak hasi dituzte, Donostian

Agentziak | eitb.eus

Koldo Almandozen lana filmatuko dute lehenengo, gaur hasita. Gero, Medem, Cobeaga, Imanol Uribe, Gracia Querejeta eta beste hainbat zinemagileren txanda etorriko da.

Kalebegiak film luzea osatuko duten azken hiru gidoi eta film laburrak hautatu ostean, Donostia 2016k eta Moriarti Produkzioak taldeak sortutako proiektua filmatzeko lanak hasi dituzte astearte honetan, uztailaren 28an, Donostian.

Koldo Almandozen zatia  grabatuko dute lehenengo, Gipuzkoako hiriburuko hainbat txokotan,  Alfonso Torregrosa aktore bilbotarrarekin. Pasealeku Berria edo portua dira zinemagile donostiarrak hautatutako lekuetako batzuk, eta filmatze lanak horietan hasiko dira.

Donostia 2016k jakinarazi duenez, Kalebegiak proiektuaren xedea da 12 film laburren bidez Gipuzkoako hiriburuaren erretratua egitea. Ikus-entzunezko proiektu hau Donostia 2016 ekimenaren kultur programaren parte da.

Larrotxene Kultur Etxean jaiotako eta Michel Gaztanbidek eta Jorge Gilek sustatutako proiektu honen bitartez, “oraingo eta etorkizuneko talentuen arteko topagune bat sortu nahi da; zehazki, ideiak trukatzeko eta film kolektibo bat sortzeko”, antolatzaileek esan dutenez.

Horrela, Julio Medem, Daniel Calparsoro, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Luisa Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal eta Koldo Almandoz izango dira autore hasiberriekin batera Kalebegiak filmean arituko diren ibilbide luzeko zuzendariak.

2016ko Zinemaldian estreinatuko da lana.

natuko da lana.