Zinema
13.000 ikusle
'Amama', Estatuan gehien ikusitako filmen zerrendan hamahirugarren
N.V. | eitb.eus
Espainiako Estatuko zinema aretoetan 41 ale zabalduta, 13.000 lagunek ikusi dute Asier Altunaren filma erakutsi duten lehen hiru egunetan.
-
Iraia Elias, Amparo Badiola eta Kandido Uranga, Zinemaldian. Argazkia: Efe.
Irailaren 16an zinema aretoetan estreinatu eta gero, 13.000 pertsonak ikusi dute “Amama” Asier Altunaren filma pantaila handian Espainiako Estatuan.
Lehenengoz erakutsi eta hiru egunera, Iraia Elias, Kandido Uranga eta Amparo Badiola protagonista dituen filma, baserriaren munduari eginiko omenaldia, hamahirugarren jarri da Estatuan gehien ikusitako filmen zerrendan. Zinema aretoetara 41 ale bidali dituztela kontuan izanda, batez beste, 1.800 euro bildu ditu, beraz, banatutako ale bakoitzeko.
Donostian, esate baterako, “Marte” estatubatuar superekoizpena soilik dago “Amama”ren aurretik gehien ikusi diren pelikulen artean.
Erromako zinemaldia
Egunotan, “Amama” Erromako zinemaldiko Sail Ofizialean erakusten ari dira beste 37 film, dokumental eta telesailekin batera. Jaialdi honetan, ikusleek ebazten dute zein filmek eramaten dituzten sariak.
Erroman ez ezik, Montpellierreko eta Mar del Platako jaialdietan ere parte hartuko du Asier Altunaren filmak hurrengo asteetan.