Publizitatea
Itxi

2015/09/21

13:18

Zinemaldia

63. Zinemaldia

'Amama', sinboloen munduetan barrena

Natxo Velez | eitb.eus

Asier Altunaren estilo ariketa sinboliko eta preziosista estreinatu du gaur Donostiako Zinemaldiak, Sail Ofizialean. Publikoa hunkitu eta txaloak jaso ditu filmak goizeko emanaldian.

1:39
Amama
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Amama Asier Altunaren filma estreinatu dute gaur, Donostiako Zinemaldiko laugarren jardunaldian, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lehian dauden lanak biltzen dituen Sail Ofizialean.

Sinboloen eta etengabeko bitasunaren, dikotomiaren, gainean altxatutako lan preziosista proposatzen du Altunak, irudi eta soinu aldetik (Javier Agirre, batetik, eta Mursego eta Javi P3z, bestetik, arduratu dira horretaz) nabarmentzeko modukoa oso. Oinarrian, kalearen eta baserriaren, tradizioaren eta modernitatearen, atzera begira eta aurrera begira bizi direnen arteko talkak, maitasuna eta transmisioa ditu lanak.

Bitasuna, nolanahi den, mamitik formara ere lerratzen da, filmean errealitateak eta irudipenak, fantasiazko munduak, bat egiten baitute. Hain zuzen ere, hor igartzen dira agian deskonexio batzuk, mundu onirikoan balekotzat har ditzakegun batzuk errealitatearen planoan txertatzeko orduan.

Edonola ere, film poetikoa ondu du Altunak, muturreko pertsonaien bidez publikoa hunkitu duena; isiluneen eta begiraden bidez hunkitu ere, batik bat. Zenbaitetan, isiluneek edo, are gehiago, isilaldiek berbek baino gehiago esaten dute filmean, Altunak prentsaurrekoan azaldu duenez. “Filmetan zenbat eta hitz gutxiago sartu hainbat eta hobe dela uste dut”, adierazi du.

Aktoreek film txukuna egiten dute, eta Amparo Badiola aktorearen lana nabarmentzen da. Altunak ezustean topatu zuen Badiola, amamaren papera egiten duen emakumea, kafetegi batean, hiru hileko bilaketaren ostean. Gerra garaian Frantziara erbesteratutako emakumeak eskerrak eman dizkio zuzendari bergararrari, “gerran kendu zidaten guztia itzuli egin baitidate”.

Lan mardula pantailaratu du, hartara, Altunak; mamitsua, forma aldeko iritziak iritzi.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena