Zinema
Oscarrak
'Minerita' euskal dokumentala ere, Oscarren atarian
Agentziak | Erredakzioa
Raul de la Fuente nafar zinemagilearen lana film labur dokumental onenaren ataleko hamar finalisten artean dago. Urtarrilaren 14an esango dute behin betiko bost izendatuak zein diren.
Hollywoodeko Zinema Akademiak gaur jakitera eman duenez, “Minerita” Kanaki Films ekoiztetxearekin Raul de la Fuente nafarrak eginiko film labur dokumentala Oscarren atal horretan aukeratutako hamar lan finalistetako bat da.
“Minerita”k film labur dokumentalaren Goya saria irabazi zuen, eta Potosiko (Bolivia) Cerro Rico meategi inguruan bizibidea ateratzen duen emakume talde baten historia kontatzen du.
Sari honen ardura duten akademiakideek 74 hautagaietatik 10 aukeratu dituzte, eta, orain, estatuatxoa beretzeko lehiatuko diren bostak aukeratu beharko dituzte.
“Minerita” lanak hauek izango ditu aurkari lehia horretan: “Body Team 12” (RYOT Films eta Vulcan Productions); "Chau, beyond the Lines" (Cynasty Films); "Claude Lanzmann: Spectres of the Shoah" (Jet Black Iris Americ); "50 Feet from Syria" (Spin Film); "A Girl in the River: The Price of Forgiveness" (SOC Films); "Last Day of Freedom" (Living Condition); "My Enemy, My Brother" (Fathom Film Group); "Starting Point" (Munk Studio - Polish Filmmakers Association); eta "The Testimony" (Atria Film eta Escape Artists).
Oscarren 88. edizioko behin betiko hautagaiak zein diren urtarrilaren 14an emango dute jakitera, Samuel Goldwyn antzokian, Beverly Hillsen (Kalifornia).
Zinemaren jai handia otsailaren 28an egingo dute, Chris Rockek aurkeztuta, Dolby antzokian, Hollywooden.
"Itxaropentsu"
Amaia Remírez filmaren ekoizleak Euskadi Irratiari esan dionez, oso pozik dago lantalde osoa. eta AEBra egingo dute, promozioa egitera, nahiz eta film laburren kasuan zailagoa den Akademiako kideen arreta bereganatzea.
Gainera, filmatze lana oso gogorra izan zela eta aintzatespena sari galanta dela erantsi du Remirezek: "Gogorra izan zen, meatzariek ez zutelako atsegin gu inguruan ibiltzea eta tokiko baldintzak oso gogorrak zirelako".
Azkenik Remirezek esan du itxaropen handiz begiratzen diotela bidearen amaierari, filma ikusi duten guztiek gustuko izan baitute.