Itxi

Zinema

zinemaldia.cat

Euskal zinema, Bartzelonan ikusgai

Agentziak | Erredakzioa

Ostiralean, hilak 5, hasiko da zinemaldia.cat Kataluniako Euskal Zinemaldiaren hamaikagarren edizioa. “Amama”, “Un otoño sin Berlín” eta “La noche del ratón” ikusi ahalko dira, besteak beste.

  • "La noche del ratón" filma ikusi ahalko da, besteak beste

    "La noche del ratón" filma ikusi ahalko da, besteak beste

Zinemaldia.cat Kataluniako Euskal Zinemaldiaren hamaikagarren edizioa ospatuko da ostiral honetatik, otsailaren 5etik, hilaren 26ra bitartean, eta, sail ofizialez gain, ekitaldi osagarri ugari proposatuko ditu, Bartzelonako Euskal Etxeak, antolatzaileak, jakinarazi duenez.

Sail ofizialetan 12 pelikula izango dira, gehienak estreinaldiak Katalunian, eta kasu batzuetan, Donostiako Zinemaldian soilik ikusi ahal izan direnak. Horiek guztiak Cinemes Girona Bartzelonako zinema aretoetan ikusi ahal izango dira. "Amama", "Un otoño sin Berlín", "Nola?", ?La noche del ratón?, ?Jai Alai Blues?, ?Txarriboda? eta "Gure Sorlekuaren Bila" dira ikusiko diren lanetako batzuk.

Bartzelonako Euskal Etxearen apustua zinema aretoetatik haratago ere eramatea da, eta publiko katalanari "altxor txikiak helaraztea". Horrela, aurten Alter Zinemaldia errepikatuko da, 26 euskal zuzendarik egindako taldekako film bat eskainiz ("Euskal Harriaren ABDak"), euskaraz egindako bideoen lehiaketa, eta zinema ibilbide bat Bartzelonan zehar.

Gainera, urtero bezala, Kimuak katalogoko film laburren emanaldia ere izango da, eta, azkenik, etxeko txikienek ere zinemarekin gozatu ahal izango dute jaialdiaren haurrentzako txokoarekin, TXO! atalarekin.

Epaimahaia

Lehiaketara doazen 12 pelikulek Urrezko Txapelak dituzte jokoan: Urrezko Txapela-Euskadi Basque Country Fikzio onenari, Urrezko Txapela-Euskadi Basque Country Dokumental onenari eta Urrezko Txapela-Azkue Fundazioa euskarazko film onenari.

Erabakia hartzearen ardura Kataluniako zinemaren munduko pertsonek osaturiko epaimahaiak izango du, Miki Esparbé aktoreak, Melina Matthews aktoreak, Pere Vall 'Fotogramas' aldizkariko kazetari eta kritikariak, Agustí Argelich Filmets jaialdiako zuzendariak eta Patricia Bonet Catalan Filmseko arduradunak.

Emanaldien salneurria 4,5 eurokoa izango da, baina Euskal Etxeko bazkideentzat eta beste kolektibo batzuentzat deskontua egongo da.