Zinema
Bafta
‘The Revenant’, Oscar sarien lasterketarako buruan
Efe | Erredakzioa
Gonzalez Iñarritu mexikarraren filmak arrakasta handia erdietsi du Britainiar Zinema Akademiaren sarietan, bost golardo bereganatuta, tartean pelikula, zuzendari eta aktore nagusi onenarenak.
“The Revenant” Alejandro Gonzalez Iñarrituren filmak bost sari irabazi ditu bart, Britainiar Zinema Akademiaren sarien gauean, zortzi ataletan izendatuta zegoela. “Carol” eta “Bridge of Spies” filmeko lantaldeek, izendapen gehien zituztenek, ostera, ez dute uzta handirik bereganatu.
“The Revenant”ek film, zuzendari, aktore nagusi (Leonardo DiCaprio), argazkilaritza (Emmanuel Lubezki) eta soinu onenen atalean bentzutu ditu lehiakideak, eta, haren atzean, “Mad Max: Fury Road” filma gelditu da lan sarituenen zerrendan, lau irabazita. Zazpi sailetan izendatuta zegoen, eta azkenean ekoizpen diseinu, jantzi, makillaje eta ile-apainketa, eta edizio onenen sariak irabazi ditu.
Michael Punke idazleak Hugh Glass arte-jartzailearen mehatxua kontatzeko idatzi zuen eleberria du oinarri “The Revenant”ek, eta Gonzalez Iñarritu Bafta sariekin berradiskidetzeko balio izan du, iaz esku-hutsik joan baitzen sari horietatik “Birdman” lanarekin.
“Carol” filmak, zeinak Patricia Highsmithen eleberri batean oinarrituta Therese Belvietek (Rooney Mara) eta Carlo Airdek (Cate Blanchett) AEBn 50eko hamarkadan izan zuten maitasun istorioa kontatzen baitu, ez du alerik ere jaso Londresen ospatutako galan, nahiz eta film, zuzendari, aktore nagusi, bigarren mailako aktore eta gidoi egokitu onenen atalean izendatuta zegoen.
“Bridge of Spies” Steven Spielbergen lanak sari bakarra irabazi du, Gerra Hotzean AEBko eta Sobietar Batasuneko gobernuek egindako preso-truke baten inguruko istorioan Mark Rylancek antzeztaldeko aktore gisa egin duen lanagatik. Spielbergek berak jaso du urrezko golardoa oholtza gainean.
Leonardo DiCapriok aurten lortuko du Oscarra lehenengoz, bosgarren izendapena lortu duen urtean, kritikari gehienen aburuz, eta, sariketa nagusi horren atarikoetan erakutsi duenez bederen, bide onetik ari da. Bart, Bryan Cranston (“Trumbo”), Matt Damon (“The Martian”), Michael Fassbender (“Steve Jobs”) eta Eddie Redmayne (“The Danish Girl”) lehiakideak garaitu ditu.
“Hau ez da pelikula soil bat, denok egin dugun bidaia epikoa da. Oso gauza berezia izan da nire bizitzan. Gure lana egin genuen, gorputz eta arima jardun ginen, bihotza jarrita, eta oso pozik nago film honetan parte hartu dudalako”, esan zuen DiCapriok, pozik, Bafta eskuan zuela.
Emakumezkoen arloan, aktore nagusi onenaren saria Brie Larson estatubatuarrarentzat izan da, “Room” lanean eginiko paperagatik. Urrezko Globoa ere ekarri zion film horrek, eta Oscarra irabazteko faborito nagusia da, DiCaprio bezala.
Bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria Kate Winslet aktoreak (“Steve Jobs”) irabazi du, Alicia Vikander (“Ex Machina”), Jennifer Jason Leigh (“The Hateful Eight”), Julie Walters (“Brooklyn”) eta Rooney Mara aktoreen aurretik.
Halaber, Ennio Morricone italiar maisu beteranoak ere saria eraman zuen bart, galan, “The Hateful Eight” Quentin Tarantinoren western-ean eginiko lan bikainarengatik, eta dokumental onenaren saria “Amy” Amy Winehouseri buruzko lanak irabazi behar zuela ebatzi zuten Akademiako kideek.
Atzerriko film onenaren saria “Relatos Salvajes” argentinarrak irabazi zuen, animaziozko film onenarena “Inside out” lanak, eta gaueko une gailenetako bat Sidney Poitier aktoreari ohorezko Bafta eman ziotenekoa izan zen.
nekoa izan zen.