Itxi

Zinema

Iruñean grabatzen

Lainoa eta basoa entzungo dira 'Zaindari ikusezina'ren soinu bandan

Agentziak | Erredakzioa

Fernando Velazquezek zuzenduta, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Iruñeko Orfeoia Dolores Redondoren trilogian oinarritutako filmerako musika grabatzen hasi dira Baluarten.

Baluarteko Auditoriuma da, gaurdanik, “Zaindari ikusezina” Dolores Redondok idatzi duen Baztango Trilogiaren lehen eleberrian oinarritutako filmaren soinu bandaren grabazioaren egoitza, eta, gaur jakin denez, behe lainoak, euriak eta basoak berebiziko garrantzia izango dute doinu horietan.

Fernando Gonzalez iruindarrak zuzenduko duen filmerako musika sortzeko lana Fernando Velazquez bizkaitarrak hartu du bere gain, aurretik, besteak beste, “Lo imposible”, “El orfanato”, “Ocho apellidos vascos” eta “Un monstruo viene a verme” filmekin egin zuen bezala.

Hain zuzen ere, gaur hasi dira lan horretan, Velazquezek berak gidatuta, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Iruñeko Orfeoia. Aste osoan egongo dira lanean, eta ostiralean burutuko dute beharra, lanaren lagin batzuk publikoaren aurrean joz.

Orkestraren sail bakoitzak bere aldetik grabatuko du musika, eta gero estudioan batuko dituzte guztiak. Gainera, txalaparta eta beste euskal tresna batzuk entzun ahalko dira azken emaitzan.

Velazquezek azaldu duenez, istorioa Baztanen kokatuta dagoenez gero, “euriaren, behe lainoaren eta basoaren oihartzun handia egongo da, gris asko eta berde asko, eta ukitu horrek oso kolore bereziz jantziko du musika”.

Inspirazio bila, euskal konpositorea hainbat aldiz joan da Baztanera, eta bere oroitzapenak islatu ditu disko formatuan ere entzun ahalko den soinu bandan.

“Zaindari ikusezina” Dolores Redondo Planeta saria irabazi berri duen donostiar idazlearen eleberrian oinarritutako filma 2017ko martxoan estreinatu nahi dute.